Palestinako gatazka

Israelgo armadak erresistentziako hiru ekintzaile hil ditu Gazan

Atzo gauean eta gaur goizean hil ditu, airetik eginiko erasoetan. Jihad Islamikoak jakinarazi du bere ekintzaileak zirela, eta Israelgo jomugetara etxean eginiko hiru kohete bota ditu. Zisjordanian bost zibil atxilotu ditu.

2009ko martxoaren 5a
17:48
Entzun
Israelgo armadak erresistentzia palestinarreko hiru ekintzaile hil ditu Gazan atzo eta gaur artean. Erasoak airetik egin ditu, eskualdearen erdialdean eta hegoaldean. Hildakoez gain, bost zauritu daudela adierazi dute iturri mediku palestinarrek.

Lehen erasoa atzo gauean egin zuen Israelek. Airetik misil bat jaurti zuen Gazako hegoaldetik zihoan ibilgailu baten kontra. Erasoan ekintzaile bat hil eta beste bost lagun zauritu ziren.

Gaur goizean piloturik gabeko hegazkin bat erabili du Israelgo armadak beste bi ekintzaile hiltzeko, Gaza erdialdeko Al Mugazi errefuxiatu gunean. Gainera, Zisjordaniako Hebron (Al Khalil, arabieraz) hiritik gertuko bi herritan guztira bost zibil palestinar atxilotu ditu armadak.

Jihad Islamikoak jakinarazi du hildakoak bere ekintzaileak zirela, eta horri erantzunez Israelgo jomugetara etxean eginiko hiru kohete bota dituela.

Erresistentzia palestinarrak ia egunero jaurtitzen ditu etxean eginiko koheteak Israelgo jomugen aurka, eta Israelgo armadak askoz ere indar handiagoa erabilita egiten ditu bonbardaketak Gazan.

Abenduaren 27tik urtarrilaren 19a bitartean 1.300 palestinar hil (gehienak zibilak, tartean ume eta zaharrak) eta beste 5.500 inguru zauritu zituen Israelgo armadak, lurrez, airez eta itsasoz eginiko erasoaldian. Gainera, palestinarren milaka etxebizitza, eraikin eta azpiegitura suntsitu zituen. Erresistentziak (Hamas buru zuela), aldiz, 10 soldadu eta hiru zibil israeldar hil zituen.

Handik gutxira, eta zeharkako negoziazioen bidez, behin-behineko su-etena hitzartu zuten Gazarako (Zisjordaniarako ez) Israelgo Gobernuak eta Hamasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.