Israelgo armadak palestinar bat hil eta beste bat zauritu ditu gaur goizean Gazan, piloturik gabeko aireko batetik misil bat jaurtita. Erasoa eguerdian (10:00ak Euskal Herrian) egin du, Rafa hiri ingurutik auto batean zebiltzan bi palestinarren aurka. Handik ordu batzuetara, Hebron ondoko Beit Jatir herrian (Zisjordania) ekintzaile bat hil duela adierazi du Israelgo armadak. Bien bitartean, Egipton Tel Avivekin zeharka negoziatzen segitzen du Hamasek, eta taldeko eledun Fauzi Barhumek gaur berretsi du urtebeteko su-etena onartzeko prest daudela, baldin eta Israelek Gazako blokeoa "erabat" kentzen badu. Eskaintza joan den astean egin zuen Hamasek, eta gaur berretsi du, Egiptoren bitartekariarekin bildu aurretik. Alabaina, esan du ez duela oraingoz onartuko su-etena urte eta erdikoa izatea, Israelek proposatzen duen bezala, ezta Gilad Shalit soldadu gatibu israeldarraren auzia su-etenarekin nahastea ere.
Egunotan Egiptoko bitartekaritzaz su-eten akordioa lortzea saiatzen ari direlarik, atzo ere bonbardaketarik egin zuen Israelgo armadak Rafa inguruan. Atzoko bonbardaketa "Hamaserako armak garraiatzeko tunelak suntsitzeko" izan zen, iturri israeldarren arabera.
Tunel horien bidez garraiatzen dute Egiptotik palestinarrek hainbat gai, Israelgo Gobernuak 2006tik (Hamasek bozak irabazi zituenetik) blokeo ekonomiko eta politikoa ezarrita duelako Gaza eskualdearen kontra, eta sarbideak gutxitan irekitzen dituelako.
Tunel horietatik elikagaiak, botikak, arma arinak eta bestelako gaiak sartzen dituzte Palestinara. Israelek, bere aldetik, estatua den heinean, AEBetatik eta Europako hainbat estatutatik (Espainia barne) eskuratzen ditu arma, punta-puntako teknologiakoak.
Nazioarteko legeriaren arabera, okupazio militar bati aurre egiteko zilegi da erresistentzia armatua, zibilen kontra egiten den kasuetan izan ezik.
Bestalde, Zisjordanian, Israelgo armada Tulkarem hiri ondoko errefuxiatu gunean sartu da goizean, eta hainbat etxebizitza miatu eta hankaz gora jarri ditu, Maan News berri agentzia palestinarraren arabera.
Handik ordu gutxira, Hebron ondoko Beit Jatir herrian okupazio indarrekin izandako tiroketa batean ekintzaile palestinar bat hil da.
Batasun nazionalerako deia, kartzelatik
Bien bitartean, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea ezkerreko mugimenduko (3 diputatu ditu, eta adar armatua) idazkari nagusi Ahmad Saadatek palestinarren arteko batasun nazionala berriz lortzeko deia egin du kartzelatik.
Saadat bera diputatua da (preso zegoela hautatu zuten), eta Jasser Arafat zenaren polizien kartzelan preso egon zen Jerikoko (Zisjordania) kartzela, soldadu estatubatuar eta britainiarren zaintzapean. Alabaina, 2005ean Israelgo armada indarrez sartu zen espetxe horretan, eta Saadat eta beste ehunka preso politiko bahitu zituen. Ordudanik Israelgo estatuko kartzeletan ditu preso.
FPLPko buruaren iritziz, "palestinarrek batasuna ez izateak soilik okupazioari, Israeli", egiten dio mesede.Saadatek MPS Presoen Mandela Elkarteko abokatu Buthaina Dukmaken bisita jaso du egunotan. Bien arteko elkarrizketan, Israelgo armadak Gazaren kontra hiru astez eginiko erasoaldiaren aurrean "palestinarren erresistentzia" goraipatu du, baita Bolivia eta Venezuelako gobernuen erabakiak ere, hots, Israelgo estatuarekin harreman diplomatikoak etetearena.
Palestina Askatzeko Erakundea erreformatzeko eskaera
Saadaten ustez, PAE Palestina Askatzeko Erakundea da palestinarrak ordezkatzeko erakunde bakarra, eta berau erreformatu eta berriz eragingarri bilakatu beharra dago. Al Fata da nagusi PAEn, eta FPLP, FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa, PPP Palestinako Herriaren Alderdia, PLF Palestina Askatzeko Frontea, As-Saika, PPSF Palestinako Herri Borrokaren Frontea eta beste alderdi txikiago batzuek ere osatzen dute. Alabaina, Hamas, Jihad Islamikoa eta beste talde batzuek ez dute parte hartzen.
Hain zuzen ere, egunotan PAEren ordezkagarritasuna kritikatu du Hamasek. Talde honek ere eskatzen du PAE erreformatzeko, eta azken hamarkadetan sortutako talde berriak (Hamas barne; 1987an sortua) ere aintzat hartzeko. "Funtzionamendu demokratikoa" izatea ere eskatzen diote hainbat talde palestinarrek, urteotako "elitismo" eta "autoritarismoa" gaitzetsita.
Palestina
Israelgo armadak palestinar bat hil du Gazan eta beste bat Zisjordanian
Piloturik gabeko gerra hegazkin batek misila jaurti du bi lagunak zihoazen autoaren kontra, Rafa inguruan. Horietako bat zauritu du ere. Geroago, Hebron ondoan ekintzaile bat hil du, tiroketa batean. Hamasek berretsi du prest dagoela Tel Avivekin urtebeteko su-etena hitzartzeko, baldin eta Israelgo armadak Gazako blokeoa erabat kentzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu