Hebrongo Beit Umar herrian izan zen tiroketa, sarekada bat egiten ari zirela. Armadako eledunak esan duenez, pertsona bat atxilotzera sartu ziren 53 urteko Falah Abi Mariaren etxean, baina eraso egin zieten, eta "tiro egin behar izan" zuten.
Oso bestelakoa da, ordea, lekukoen azalpena. Haien arabera, soldaduak inolako azalpenik gabe sartu ziren Abi Mariaren etxean, eta tiro egin zioten haren 22 urteko semeari. Aita hari laguntzera joan zenean, bi aldiz tirokatu zuten bular aldean. Hebrongo erietxera eraman zuten Abi Maria, baina ordu gutxira hil zen. 25 urteko beste semea ere ospitalera eraman behar izan zuten, bala zauriekin.
24 orduan hiltzen duten bigarren palestinarra da Abi Maria. Asteazken goizaldean, Birqin herrian tiroz hil zuten beste gazte bat.