Miassar Abu Maatek 40 urteko emakumea eta bere lau seme-alabak -Mussa (urtebete), Hana (3), Rudeina (4) eta Sale (5)- gosaltzen ari ziren erasoa izan zen unean. Beit Hanun Israelgo mugatik hurbil dago, eta tankearen tiroek bete-betean jo zuten etxean. Lau haurrak erasoaren unean bertan hil ziren, eta ama, berriz, erietxean. Beit Lahiako ospitalera eraman zuten ama, larri zaurituta.
Gertatutakoaren erantzukizuna Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduari leporatu zion Ehud Barakek, Israelgo Defentsa ministroak: «Terrorista palestinarrak zibilen artean ezkutatzen dira erasoak egiteko». Iritzi berekoa da Ehud Olmert Israelgo lehen ministroaren bozeramaile Mark Regeve ere: «Hamasek eskualde zibiletan egiten ditu bere ekintza terroristak eta guk ahalegin guztiak egiten ditugu zibil palestinarrak ez daitezen borroken artean harrapatuak izan».
Gogor salatu zuen erasoa Ismail Haniak, Hamasek Gazan duen gobernuaren buruak: «Sarraski honek beste behin ere agerian ezartzen du okupatzaile israeldar kriminalen benetako aurpegia; halaber, nabarmen geratu da zapuztu nahi dituela Gazaren setioa amaitzeko eta bere erasoak geldiarazteko nazioarteko ahaleginak». Sami Abu Zurhi Hamaseko eledunaren arabera, egoera horretan zilegi da erresistentzia: «Israelen oldar egite odoltsuek argi erakusten dute, beste behin, aginte sionistari ez diola bakeak axola; hortaz, erresistentzia palestinarrak gogor egiteko bide guztiak zilegi ditu».
Gogor salatu zuen sarraskia Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ere: «Ondorio itzeletako eraso egite honek ez dio mesederik egingo barealdi bat lortzeko azken garaiotan eginak diren ahaleginei; bake prozesuan aurrera egiteko saioari ere kalte egingo dio». Abbasek aipatutako «barealdi ahaleginak» dira Egiptok Hamas eta Israel artean bitartekaritza eginda bultzatzen dituenak, eta «bake prozesua», berriz, Annapolisko (AEBak) konferentzian, iazko azaroan abiarazitako negoziazio bidea.
Gazan, bestalde, oraindik ere indarrean dago blokeoa. Nazio Batuen Erakundeak eta Liga Arabiarrak «giza hondamendia» gertatzear dagoela salatu ondoren, Israelek erregai apurtxo bat eraman zuen atzo.
ELIKADURA BANATZEARI BERREKIN DIOTE. Israelgo armadaren eguneroko erasoez gainera, Tel Avivek iazko ekainean ezarritako blokeoaren ondorio itzelak jasaten ditu Gazak. Elikaduraren banaketa gaurtik aurrera berriro egiteko moduan izango direla iragarri du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak. Giza laguntza, lau egunez etenda egon da, erregairik ez baitzuten Gazako 650.000 bizilaguni elikadura helarazten dieten kamioiek. Israelek hilaren 17an itxi zituen Nahaz Ozeko pasabideak.
Hamasek, bestalde, bere gobernua zabalduko du; bost kide ziren eta hamar izango dira hemendik aurrera. Herenegun hartu zuen beste bost ministro izateko erabakia Ismail Haniak zuzendutako gobernuak; izan ere, orain arte ministro bakoitzak ministerio bat baino gehiago zuen bere gain. Palestinako Legebiltzarrak bozkatuko du orain osaketa, nahiz eta sei hilabete daramatzan geldituta. Hamas da nagusi erakundean, eta boikotatu egiten du Al Fatak. Palestinako Aginte Nazionalak legez kanpokotzat jotzen du gobernua, bozen emaitzek hori erabaki bazuten ere.
Zisjordanian kendu beharreko kontrol guneen zerrenda eman dio Blairrek Israeli
Orotara 580 kontrolgune daude Zisjordanian; Israelgo armadak horietako bat kendu du, Nabulusena.s.
Tony Blairrek iragarri du Zisjordanian kendu beharreko kontrolguneen zerrenda eman diola Israelek Tel Avivi. Tony Blair ordezkari berezi izendatua du Ekialde Hurbilerako Nazioarteko Laukoteak -AEB Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Europako Batasuna eta NBE Nazio Batuen Erakundea- . Nazioarte Laukoteak paratutako eta Israelek onartutako Errepide Mapa bake prozesuak zehazten du lurralde palestinarrean Israelek jarritako bide kontrol gehienak epe laburrera kendu behar direla. Israelek, baina, hitzemandakoa ez du bete.
Blairren ekimenaren berri izanzen egunean bertan, haatik, Israelek jakinarazi zuen Zisjordaniako Nabulus hiriaren eta dozena bat herri palestinarren artean traba egiten zuen kontrolgune bat kendu zuela. Israelgo armadak ohartarazi zuen, baina, kontrolgune hori berriro ezarriko duela, baldin eta «terroristek» bide hori baliatzen dutela konturatzen bada.
2005-ETIK, 400 KONTROLGUNE GEHIAGO.Zisjordaniako 61 kontrolgune kenduko zituztela iragarri zuen martxoaren 30ean Ehud Barakek, Israelgo Defentsa ministroak. Iragarpen hori egin zenetik, alta,44 bide traba baino ez ditu kendu Israelek OCHA Giza laguntzarako Nazio Batuen Agentziaren arabera; eta kendutako kontrolguneak, gainera, Zisjordaniakoherritarrei «traba gutxien» eragiten zietenak zirela jakinarazi du erakundeak.
Israelgo armadak 580 kontrolgune inguru zituen martxoaren hasieran Zisjordanian, NBEk eta Israelgo Betselem giza eskubideen defentsarako erakundeak eginiko ikerketen arabera. Horietatik 115 bide traba egonkorrak ziren, eta beste 87 banaketa hesian eginiko ateak ziren.
Zisjordaniako herritarrei arazo oso larriak eragiten dizkiete kontrolgune edo bide traba horiek, eta azken hiru urteotan nabarmen egin dute gora. 2005. urtean, 470 inguru zeuden; 2006. urtean, 510; etaiazko abenduaren amaieran, 552. Zisjordaniako 300 kilometro bide ere debekatuta daude palestinarrentzako.