MunDUA

Israelgo armadak zortzi palestinar zauritu ditu Gazan

Zaurituak zazpi ume eta ekintzaile bat dira. Lehenago, bart, erresistentzia palestinarrak bi kohete bota ditu jomuga israeldarren kontra.

2009ko urtarrilaren 29a
18:21
Entzun
Ekintzaile palestinarrek Gazatik Israelera bi kohete bota dituzte bart, Hamas Palestinako erakundea eta Israelgo Gobernua lehengo astetik behin-behineko su-etenean direnetik aurrenak. Ez dute hildakorik eragin. Sderot hiritik (Israelek 1948an okupatutako Majd herri palestinarraren lurretan eraikia) gertu erori da kohete bat. Tel Aviveko gobernuak Hamasi egotzi dio erasoa. "Hark du bere lurraldean gertatzen diren terrorismo ekintzen erantzukizun osoa". Israelgo armadak Gaza bonbardatu du ondoren eta zortzi palestinar zauritu ditu. Zaurituetatik zazpi umeak direla jakinarazi dute iturri palestinarrek; bestea ekintzaile bat da.

Atzo Israelek Gaza eta Egipto arteko tunelak bonbardatu zituen eta herenegun bi palestinar hil. Asteartean israeldar militar bat hil zen atentatuan.

Israelgo armadak abenduaren 27tik 22 egunez segidan egin zuen erasoa Gazan, eta 1.400 lagun inguru hil zituen (gehienak zibilak; tartean ume eta zaharrak) eta bost mila baino gehiago zauritu. Hamasek euren herrialdera koheteak botatzen zituelako egin zuen erasoa, Israelek esan zuenez. Palestinarrek hamahiru israeldar hil zituzten: hamar soldadu eta hiru zibil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.