MUNDUA

Israelgo bi polizia zigortu dituzte, palestinar bat hiltzen uzteagatik

Larri zauriturik zegoen preso palestinarra bide bazter batean utzi zuten poliziek. Epaileak bakoitzari bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die.

2012ko uztailaren 9a
14:25
Entzun

Israelgo bi poliziari bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die Jerusalemgo epaitegiak palestinar preso bat hiltzen uzteagatik. Gertaera 2008an gertatu zen, Israelen.

Omar abu Yariban palestinarrak istripua izan zuen lapurtutako auto batekin, eta larri zauritu zen. Israelgo ospitale batean artatu zuten bi astez baina, artean osatu gabe zegoela, Poliziaren esku utzi zuten presondegi bateko osasun zerbitzuek, zaindu zezaten. Kartzelak ez zuen presoa onartu, tokirik ez zuela eta. Baruj Peretz poliziaburuak, orduan, Asaf Yakutieli bere mendekoari agindu zion presoa bide bazter batean utzi zezala, batere urik eta sendagairik gabe. Eria bi egun beranduago topatu zuten, hilda.

Bi poliziei 30na hilabeteko kartzela zigorra jarri die epaitegiak, "arduragabeko homizidioa" egotzita. "Aurpegian begiak eta bihotzean errukia dituen inork ez zukeen bi gizonok hartu zuten erabakia hartuko", dio epaiak, eta gaineratu du haien jokaera "itsusia eta nardagarria" izan zela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.