Abbas buru duen Al Fata alderdiko kideak dira askatu dituzten ia guztiak. Hilketa ez beste delituengatik betetzen ari ziren kartzela zigorra, eta gehienek zigorraren zati handiena beteta zuten dagoeneko. Negeveko desertuko Ketziot espetxetik atera zituzten preso palestinarrak atzo goizaldean, eta senitarteko eta lagunek harrera egin zieten bai Gazan, baita Zisjordanian ere. Israelgo Espetxe Zerbitzuaren arabera, askatutako palestinarretatik 408 Zisjordaniara eraman zituzten; gainerakoak, 21 palestinar, Gazara.
Tel Aviveko Gobernuak 700 palestinar askatu ditu iragan uztailetik. Alabaina, PANeko buruak Israelgo Ehud Olmert lehen ministroari egindako eskaera kontuan hartuta, motz gelditzen da kopuru hori. Bi buruzagiek egindako azken bileretan 2.000 presoren askatasuna eskatu dio Abbasek lehen ministroari.
Egun Palestinako 10.000 lagun inguru ditu preso Israelek. Horien artean, kargurik gabe preso hartu dituztenak, edota epaiketaren zain daudenak asko dira.
Al Fatako buruzagi Maruan Barguti --preso dago-- atzo libre utzitako preso gehienak bestela ere gutxira askatuko zituztela ziurtatu du. Horregatik, Tel Aviven erabakia «txantxa» dela salatu du. «Israelek milaka preso askatu ditzake, eta ez 400 bakarrik. Abbasek preso gehiago askatzeko eskatu dio Israeli, baina Israelek ez du eskaera hori aintzat hartu».
ERASOAK. Israelgo mugatik gertu, Gazako iparraldeko Beit Lahia herrian Hamaseko hiru ekintzaile hil zituen atzo Israelgo armadak. Armadaren arabera, Gaza inguratzen duen banaketa hesitik gertu atzeman eta tiro egin zieten soldaduek. Gaza hirian, halaber, Hamaseko beste ekintzaile bat hil zuten. Armadak egindako aire eraso horretan beste bi lagun ere zauritu zituzten. Hildako palestinarrak Hamasen adar armatu Izzedin Al Kassem brigadetako ekintzaileak ziren. Zisjordaniako Ramala hirian bestalde, armak ez zeramatzan palestinar bat hil zuten soldadu israeldarrek. Dagoeneko 15 dira Israelek Gazan hildako ekintzaile islamistak.
Armadako bozeramaile batek aditzera eman duenez, Israel jomuga zuten 14 misil jaurti zituzten herenegun Gazatik. Horiei erantzuteko xedez, Ehud Barak Israelgo Barne ministroak datozen egunetan Gazaren aurkako erasoak areagotu egingo dituztela aurreratu du.