Israelgo kolonoek Zisjordaniako meskita bati eraso diote

Tel Avivek hiru etxebizitza bota dizkielako, palestinarren aurka jo dute kolonoek

Erredakzioa
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zisjordaniako kolono israeldarrek palestinarren meskita bati eraso egin zioten atzo, aurrez Israelgo Poliziak Tel Aviven baimenik gabe eraikitako hiru etxe eraitsi zituelako Migron kolonian. Kolonoek ordaina deitzen duten mendeku politika aplikatu zuten bertze behin; hau da, Israelek berak haien aurka hartutako neurri bakoitzeko, kolonoek palestinarrei eraso egiten diete. PAN Palestinako Aginte Nazionalak salatu du behin baino gehiagotan gertatu direla halakoak, eta Ekialde Hurbilerako Laukotearen esku hartzea eskatu du. AEBek, EB Europako Batasunak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Errusiak osatzen dute Laukotea.

Nablus hegoaldeko Kusra herrian gertatu zen erasoa. Haaretz egunkariak «Palestinako iturriak» aipatuz dioenez, kolono talde batek meskitara joan, eta harrika leihoak hautsi ondoren, sutan zeuden pneumatikoak bota zituen barrenera. Eraikinaren paretetan pintaketak ere egin zituzten. Mahoma zerri bat da idatzi zuten, bertzeak bertze. Ma'an agentziaren arabera, Yitzhar koloniatik gertu palestinarren autoei ere harrika egin zieten..

Gatazka diplomatikoa

Israelen eta Turkiaren arteko gatazka diplomatikoari dagokionez, berriz, Ankarak bihar arteko epea eman die herrialdea uzteko Israelgo enbaxadako goi funtzionarioei.

Bi herrialdeen arteko giro gaiztoaren bertze adierazle bat izan zen atzo Istanbulgo aireportuan gertatutakoa. Tel Avivetik ailegatutako hegaldi batean zetozen 40 israeldar atxiki zituen Poliziak, eta banaka-banaka galdekatu. Israelgo Atzerri Ministerioak erran du gertakaria «larria» izan dela, baina Turkiako Gobernuak erantzun dio herenegun Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan Turkiako turistak jazarri zituela Poliziak. Israelgo Atzerri Ministerioko kide batek Haaretz-i onartu dio azken urtebetean Turkiako turista eta enpresari anitzek salatu dutela aireportu horretan «umiliatu» egin dituztela. Turkiako bidaiarien aurkako umiliazioak «ohikoak» direla aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.