Israelgo lehen ministrordearekin elkartuko da Mahmud Abbas

Bilerarekin «Israelen interesei belaunikatzea» egotzi dio Hamasek Palestinako Aginte Nazionalari

Erredakzioa
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko burua eta Shaul Mofaz Israelgo lehen ministrordea etzi elkartuko dira, Jerikon (Zisjordania), Saeb Erekat PANeko negoziatzaileak baieztatu duenez. Mofazek iragan hiletik eskatu du publikoki Abbasekin biltzea; hain zuzen, lehen ministrorde izendatu zutenetik. Negoziazioak 2010eko irailean bertan behera gelditu ziren, Israelek ez zuelako luzatu Zisjordanian koloniak eraikitzeko baimenaren etetea. Ordutik egon diren saio guztiek porrot egin dute.

Al-Fatah ez bertze bi alderdi palestinar nagusiek kritikatu dute Abbasen erabakia. Hamas islamistaren ustez, bilkura «Israelen interesetara belaunikatzen da, eta PANek nahiago dio kolonien eta elkarrizketen bideari ekin». Palestina Askatzeko Herri Frontearen iritziz, berriz, «interes nazionalen aurkakoa» da, eta palestinarren berradiskidetzeari eta estatuaren onarpenari eman beharko lioke lehentasuna PANek.

Hamaseko kide baten hilketa

Hain zuzen, Jordaniako Abdullah II.a erregea Palestinako Estatua onartzearen alde agertu da Hamasko ordezkariekin izandako bileran, baina onarpen hori Israelekin negoziatzearen ondorio izan behar dela erran du.

Damaskon, berriz, Kamel Ranaja Hamasko kidea hil zuten herenegun. 2009an Mossadek Dubain hildako alderdikide baten hurbilekoa zen, eta hilketa hau ere Israeli egotzi dio Hamasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.