66 boto alde eta 45 aurka. Gaua eztabaidan eman ostean, Israelgo Parlamentuak bake akordio ororen inguruko erreferenduma egitea onartu du lehenengo irakurtaldian, baldin eta bake akordioren batek Israeli errekonozitutako edo anexionatutako lurralderen baten trukea badakar. Hau da, galdeketa egingo lukete Israelek bere territoriotzat dituen lurralderen baten trukea badakar: nazioarteak onartutako lurraldeez gain, Golan eta Jerusalem ekialdea ere bere lurraldetzat ditu —1967an okupatu zituen biak, Sei Eguneko gerran, eta 1980ean bereganatu zuen Jerusalem ekialdea, eta urtebete beranduago Golan—. Testuaren arabera, Zisjordaniaren kasuan ez lukete kontsultarik egingo, okupatua den arren, Israelek ez duelako bereganatu.
Alderdi ezkertiarrek egin dute erabakiaren aurka, alderdi arabeek eta Torako Judaismo Batua alderdiak. Horien ustez "trikimailu" bat besterik ez da, okupazioarekin jarraitzeko estrategia dela argudiatuta. Oinarrizko Legeari egindako zuzenketa gisa aurkeztu dute, hala, Auzitegi Gorenak atzera bota ezin dezan. Zuzenketa hori onartuko ez balitz, aurrekontu orokorrak blokatzeko mehatxua egina zuen Habait Hayehudik, gobernuko koaliziokide batek.
Erabakiak aurrera egiteko hainbat urrats egin beharko ditu: legebiltzarreko batzorde batek gainbegiratzea, eta bigarren eta hirugarren irakurtaldi bana falta dira. Neguan egingo dituzte horiek.