Israel

Israelgo Parlamentuak gobernu berria onartu du; amaitu da Netanyahuren aroa

60 boto alde eta 59 aurka jaso ditu Naftali Bennetten hautagaitzak. Netanyahuk 2009tik zen lehen ministro, bere bigarren aroan.

Naftali Bennett, gaur, Knessetean. ABIR SULTAN / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 13a
21:18
Entzun

Amaitu da Benjamin Netanyahuren agintaldia. Bi arotan (1996tik 1999ra, eta 2009tik gaur arte) hamabost urtez izan da Israelgo lehen ministro, baina karguak badu arduradun berria: Naftali Bennett, Yamina mugimendu nazionalistako burua. Hala onartu zuen atzo Israelgo Parlamentuak, bozketa estu batean; izan ere, aldeko 60 boto jaso ditu Bennettek, eta aurkako 59.

Koalizioko gobernu zabal bati esker heldu da boterera lehen ministro berria, hainbat ildotako alderdien babesari esker. Sinatu duten akordioaren arabera, Bennett bi urtez izango da lehen ministro, eta gero Yair Lapidi utziko dio kargua, Yesh Atid alderdiko buruari. Zortzi alderditako kideek osatuko dute gobernua.

Azken hilabeteetan kargua ez galtzen saiatu da Netanyahu, eta hori gaitzetsi du Yaminak kargu hartze saioaren aurretik egin duen hitzartean: «gorroto ekaitz bat» sortzea egotzi dio, eta «anaien arteko talka horren ondorioz» herrialdea gelditu duela esan dio. Osatu duten akordio zabalaz harro dagoela gehitu du lehen ministro berriak.

Eguna beroa izan zen, eta azken unera arte ez zen argi egon Bennetten hautagaitzak aurrera egingo zuen ala ez. Besteak beste, koalizioa babestu duen Zerrenda Arabiarreko kide batek gobernu berria ez babesteko mehatxua egin du, eta Netanyahuren alderdia den Likudeko kideek ere etengabe presio egin dute kargu hartzea bide onetik joan ez zedin.

Hori dela eta, Lapidek ezin izan zuen bere diskurtsoa eman. Tribunara igo da, eta barkamena eskatu zion bere amari: «86 urte ditu, eta etortzeko eskatu nion errespetuz jokatu zenutelakoan; baina horrela ezinezkoa da», esan zuen.

Netanyahu, gobernuaren aurka

Bere aldetik, Netanyahuk argi utzi zuen bere helburua zein izango de aurrerantzean: gobernua botatzea. Bennetti «Israelen historiako iruzurrik handiena» egitea egotzi zion, eta koalizioak nazioartean Israeli indarra galaraziko diola gehitu zuen: «Ez du sinesgarritasunik, ezta ideia sendorik ere. Ez du bere gobernuaren babesik ere», esan zuen, lehen ministro berriari buruz.

Horrez gain, bere azken agintaldian lortutako «garaipenak» nabarmendu ditu Netanyahuk; besteak beste, AEBek Jerusalen Israelgo hiriburu aitortu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.