Israelgo Polizia palestinarrei oldartu zaie Al-Aqsa meskitan

PAEk «armarik gabeko fededunen aurka» aritzea egotzi dio Israeli; Poliziak dio harrikadei erantzun dietela

Erredakzioa
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Jerusalemgo Al-Aqsa meskita berriz ere palestinarren eta israeldarren arteko tentsio gune bilakatu da. Ortziral eguerdietako errezoen ondoren, istiluak lehertu ziren atzo Al-Aqsara hurbildutako musulmanen eta Israelgo Poliziaren artean. Bi aldeek bertsio ezberdinak eman zituzten gertatutakoaren inguruan. PAE Palestina Askatzeko Erakundeak «armarik gabeko fededunen aurkako eraso bortitza» egitea egotzi dio Israeli. Israelgo Poliziaren arabera, baina, palestinarrek harriekin eraso ondoren oldartu zen haien aurka. PAEren arabera, hainbat zauritu eta atxilotu egon dira. Poliziak, ordea, zauritu bakar bat egon dela erran du, argazkilari bat.

«Musulmanen eta kristauen toki sakratuen aurka behin eta berriz egindakoerasoek ondorio larriak eduki ditzakete», ohartarazi du Saeb Erekat PAEko negoziazio buruak. Izan ere, azken egunetan kristauen tenpluek ere erasoak jasan dituzte Israelen. Al-Aqsan gertatutakoa «Israelen okupazioak sortutako terrorismoaren eta arrazakeriaren bertze adibide bat» da Erekatentzat. Micky Rosenfeld Israelgo Poliziaren bozeramailearen arabera, ordea, palestinarrek harrika egin diete poliziei, eta horiek zarata eragiten duten granadak jaurtiz erantzun diete.

Aste istilutsua Jerusalemen

Atzoko borrokak, ordea, aste istilutsu baten ondorio izan dira. Juduen Sucot jai erlijiosoa ospatzen da egun hauetan, Egiptotik Israelera egindako exodoa oroitarazteko. Hori dela eta, hainbat judu, horien artean eskuin muturreko taldeetakoak Al-Aqsa meskitaren inguruan errezoak egiten saiatu dira, Poliziak debekatu arren. Musulmanek probokaziotzat hartu dute hori, eta hainbat istilu izan dira azken egunetan. Herenegun, adibidez, Poliziak juduei sarrera debekatu zien Meskiten Zelaigunean —Al-Aqsa dagoen leku santua— istiluen harira. Astebetean hogei lagun inguru, juduak eta musulmanak, atxilotu ditu Israelgo Poliziak. Al-Aqsa meskita Israelek 1967an okupatutako Jerusalemgo aldean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.