Palestinako gatazka

Israelgo poliziak bi palestinar hil ditu tiroz

Polizia iturrien arabera, bi hilketak labanaz egindako bi erasoren ostean izan dira. Lehenengo kasuan, palestinar batek polizia bat zauritu du, eta bigarrenean, beste palestinar batek bi gazte israeldar zauritu ditu labanaz.

Polizia israeldar bat manifestariei tiro egiten, Zisjordaniako Hebron hirian. ABED AL HASHLAMOUN / EFE
Berria
2015eko urriaren 12a
08:42
Entzun

Goizaldeko lehen ordutan, palestinar batek israeldar polizia bat erasotu du labana batekin, eta ondoren, poliziak tiroz hil du palestinarra. "Poliziek azkar erantzun dute, terroristari tiro eginez eta hura kontrolatuz", azaldu du Miki Rosenfeld Israelgo poliziaren bozeramaileak. Poliziek baieztatu dute palestinarra euren tiroengatik hil dela. Oraindik ez dute haren nortasunaren berri.

Ordu batzuk geroago, beste eraso bat izan da. Bi palestinarren beste bi gazte israeldar labanarekin zauritu dituzte. Horren ostean, Israeleko poliziak palestinarretako bat tiroz hil eta bestea zauritu du.

Aurretik, emakume palestinar batek Ammuniton Hilletik hurbil, Mugako polizia bat erasotu du, kasu honetan ere labanaz. Poliziak zauri arinak izan ditu eta palestinarra tirokatu du, hura zaurituz. Eraso guztiak Jerusalemen eta inguruetan izan dira.

Gatazkak ez du etenik. Atzo bi urteko haur bat eta haren ama (haurdun zegoen) hil zituen Isarelgo Armadak. Airez egin diete eraso larunbat gauean haien etxeari, eta hiru senitarteko zauritu egin dira. Ostiralaz geroztik hil dituzten hamaikagarren palestinarrak dira.

Israelen okupazioaren kontrako protesta giroa, azken astebetean, altxamendu baten atarikoa izan da Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Ismail Haniye Hamas mugimenduko buruzagi eta Gazako gobernuburuak erasoak gogortzeko deia egin zuen, ostiral eguerdiko errezoan: "Gazak Jerusalem eta Al-Aksa [meskita] askatzeko guduarekin bat egiten duela baieztatzen dut. Zorioneko Intifada babesten dugu, minaren, blokeoaren eta konspirazioen gainetik". Gaza "erabateko Intifada batekin bat egiteko prestu" dagoela erantsi zuen Haniyek.

Harriak, balak, molotov koktelak, pneumatiko erreak, lehergailuak eta gomazko jaurtigailuak baliatu dituzte orain arte elkarren kontra egiteko, baina azken egunotan labanekin erasoak egiteari ekin diote gazte palestinarrek, eta, hori ikusirik, gomendioa dela eta ez agindua zehazturik, zibil israeldarrei su armak erabiltzeko deia egin die Israelgo Poliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.