Israelgo kartzeletan dauden preso palestinar adingabeen aurkako gehiegikeriak salatu ditu Defence For Children International gobernuz kanpoko erakundeak. Lau urtez testigantzak jaso ondoren, gehiegikeriak «modu sistematikoan» egitea eta «umeak torturatzea» leporatu dio erakundeak Israeli. Ikerketaren arabera, adingabeak frogarik gabe atxilotzen dituzte Zisjordanian, eta, Israelera eraman ondoren, aurrean abokaturik izan gabe galdekatzen dituzte. Zortzi egunen ondoren, Israelen epaitzen dituzte, Genevako hitzarmena urratuz. Atxilotutako adingabeen bi heren kartzelatzen dituzte.
Defence For Children Internationalen arabera, urtero 500 eta 700 haur inguru atxilotzen ditu Israelgo armadak. Israelek 1967an okupatu zuen Zisjordania, eta palestinarrei ezarritako lege militarra erabiltzen dute atxiloketak egiteko. Haurrak preso hartzeko modua «sistematikoa» dela salatu du erakundeak. Gauez furgoneta blindatuekin herrietan sartu, eta adingabekoak atxilotzen dituzte. Epaiketak legearen aurka egiten dituzte Israelen, eta senideek arazoak izaten dituzte epaiketara joateko, herrialdetik irteteko baimenak lortzeko arazoak dituztelako.
Israelgo lehen ministroaren bozeramaile Mark Regeven esanetan, armadak «beharrezko neurriak hartuta» atxilotzen ditu adingabeak, eta preso hartutako ume eta gazte gehienak nagusietatik bereizita daudela esan du. Dena den, Israelek 16 urtetik beherakoak onartzen ditu soilik adingabekoen modura. Erakundeak 331 haurren testigantzak jaso ditu, eta horietatik %75ek indarkeria fisikoa salatu dute, %57k mehatxuak jasan dituzte, eta %12 bakartutako zigor gelatan sartu dituzte.
Presoak, gose greban
Israelgo 30 preso palestinarrek gose greba hasi dute, Palestinako Presoen Elkarteko buru Hana Shalabiri babesa emateko. Shalabi herenegun ospitalera eraman zuten, 33 egunetan gose greba egin ondoren. Medikuen arabera, giharrak higatu zaizkio, eta konortea galdu du behin baino gehiagotan. Shalabi Israelen atxilotu administratiboa da, beste 300 palestinarrekin batera. Epaiketarik gabe kartzelatu ditzake Israelek, eta horren aurka protesta egiteko hasi zuen Shalabik gose greba. Legea aldatu arte greban jarraituko duela adierazi du.
Horrez gain, 70 preso palestinarrek boikota egin diote Israelgo auzitegi militarrari hilaren hasieratik, eta apirilaren 1ean gose greba hasiko dute. Boikot deia Israelgo gainontzeko espetxeetara zabaltzea espero dute apirilaren 17rako, preso palestinarren egunerako hain zuzen ere. Israelgo legearen arabera, presoek auzitegira joateari utzi eta epaileen erabakia uka dezakete.
Kolonoak aztertzeko eskaera
Barack Obama AEBetako presidenteak irtenbide onena bi estatu sortzea dela esan dio Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari. Bestalde, Riad al-Maliki Atzerri ministroak NBEko Giza Eskubideen Kontseiluari eskatu dio Israelgo kolonoen etxebizitzen eragina aztertzeko: «Kolonoen indarkeriak eta lur eremuen bereganaketak palestinarren giza eskubideak urratzen dituzte». Israelek ezetz esan diezaioke ikerketari.
Israelgo preso palestinar adingabeen aurkako gehiegikeriak salatu dituzte
Tel Aviveko auzitegi militarraren aurkako boikota egin dute 70 presok, eta gose greba hasiko dute beste 30ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu