Indarkeria oldeak ez du etenik Ekialde Hurbilean, eta jada 45 dira Israelek hil dituen palestinarrak. Azken hilketak gaur goizean gertatu dira, Zisjordanian. Israelgo segurtasun indarrek palestinar bat hil dute, eta gero esan dute hildakoa ibilgailu batekin soldadu israeldarrak harrapatzen saiatu dela. Soldaduetako bat zauritu omen du, eta, horren ostean, Israelgo Poliziaren arabera, labana batekin beste bati eraso dio.
Aurretik, Israelgo armadak jakinarazi duenez, beste palestinar bat hil dute, Bet Awwan, Hebronen. Armadak dio hori ere labana batekin soldadu bati erasotzen saiatu dela, protesta batean. Maan albiste agentzia palestinarraren arabera, beste soldadu batzuek buruan egin diote tiro. Ilargi Erdi Gorriak artatu du palestinarra, larri zaurituta, baina hil egin da. Oday Hashim Masalme zuen izena, eta 24 urte zituen.
50 urteko israeldar bat ere hil da gaur goizean ZIsjordanian, baina oraindik ez dute argitu eraso bat izan den edo ez. Israelgo Armadak esan duenez, ibilgailu batean zihoala harriak bota dizkiote, eta autotik jaitsi denean harrapatu du kamioiak. Kamioi gidariak ihes egin du, baina gero bere burua Poliziarenean aurkeztu du, eta esan du ez duela nahita harrapatu. Atxilotuta dago.
Gaurkoekin, dagoeneko 45 dira indarkeria oldea hasi zenetik hildako palestinarrak. Hildako israeldarrak zortzi dira. Horiez gain, arabiar israeldar bat eta eritrear bat ere hil dituzte Israelgo segurtasun indarrek. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia hara joatekoa da israeldarren eta palestinarren buruekin hitz egin eta indarkeria gutxtitzeko asmoz.