Israelgo militarrek bi palestinar hil dituzte Yeninen, Zisjordanian, haien esanetan base militar bati eraso egin diotelako. Beste lagun bat larriki zaurituta dagoela gehitu dute, baita soldaduen artean bajarik egon ez dela ere. Israelgo Poliziaren arabera, hiru palestinarrek Salemgo base militarraren atearen aurka egin zuten tiro, eta mugako poliziek eta soldaduek horiek «neutralizatuz» erantzun zuten. Palestinarren eta Israelgo indar armatuen arteko tentsioak gora egin du azken asteetan, Ramadanarekin batera. Izan ere, Jerusalem ekialdeko Sheikh Jarrah auzoan bizi diren palestinarrak euren etxeak galtzeko arriskuan daude, kolono israeldarren mesedetan.
Kolonoek Jerusalem ekialdean bizi diren palestinarren aurkako erasoa hasi dute Israelgo epaitegietan, eta horiek israeldarrei arrazoia ematen hasi dira. Atzo, esaterako, auzitegi batek ebatzi zuen Shekh Jarrah auzoan bizi diren 50 palestinar inguruk euren etxebizitzak hustu behar dituztela, argudiatuta horiek judutarrenak zirela 1948 aurretik.
Horrek are gehiago harrotu ditu hautsak, eta bart protesta jendetsuak egin zituzten hirian. Horietan, hamabost lagun atxilotu zituzten Israelgo indar armatuek, eta israeldar batek hainbat tiro ere jo zituen, The Times of Israel egunkariaren arabera, inor zauritu gabe.
Jerusalem ekialdean ohikoak dira protestak azkenaldian. Izan ere, etxegabetze aginduei hiriaren kanpoaldean dagoen Damaskoko Atearen aurrean elkartzeko debekua gehitu zaie. Musulmanek han elkartzeko ohitura dute ramadaneko otoitzen ostean. Zisjordaniara ere zabaldu dira, eta, protesta horietako batean, asteazkenean, 16 urteko gazte palestinar bat hil zuten Israelgo soldaduek, Nablus inguruan, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Aurrez, igandean, beste emakume bat ere hil zuten, ustez hark labana batekin eraso egin ostean. Egun berean, palestinar batek israeldar bat hil zuen; ustezko egilea atzo atxilotu zuten.
Egoera jada nahasiari Palestinako hauteskundeen atzerapena gehitu behar zaio, Tel Avivek eragindakoa. Israelgo Gobernuak Jerusalem ekialdean hauteslekuak jartzearen aurkako jarrera erakutsi zuen, eta horrek data aldatzera behartu zuen Palestinako Aginte Nazionala.
Hori guztia kontuan izanik, Hamasen adar armatuak, Ezeldin al-Qassam brigadak, Israeli ohartarazi dio «prezio handi bat» ordainduko duela Jerusalem ekialdeko herritarrei egiten dizkien kalteengatik.