Hamasek soldadu israeldar bat bahitu ostean abiatu zuen Tel Avivek Hegi babesgarria operazioa. Erasoaldiak iraun zuen 26 egunetan 1.600 palestinar baino gehiago hil zituen armadak —tartean 300 haur, Nazio Batuen arabera—; 9.000 inguru zauritu, eta ehunka mila etxerik gabe utzi. Orduan ere, izan ziren Israeli gerra krimenak egotziz zizkiotenak. Baina orain, urtebete geroago, horren frogak biltzen dituen txostena zabaldu du AI Amnesty International erakundeak.
Abuztuaren 1 eta 4 bitartean, Rafah hirian hildako 135 palestinarren kasuak ikertu ditu AIk. "Erasoen gogortasunak pentsarazten du haien atzean Rafah-ko herritarrak zgortzeko asmoa zegoela", salatu du erakundeak. Hori kontuan hartuta, hilketak gizateriaren aurkako krimenak ere izan daitezkeela nabarmentzen du txostenak.
Besteak beste, erietxeen eta osasun langileen aurkako bonbardaketak jasotzen ditu ikerketak. "Anbulantziei erasoz eta erietxeen inguruak bonbardatuz gerra legeak urratu ditu Israelek. Halako erasoak gerra krimenak dira".
"Obsesioa"
Israelek garrantzia kendu die AIren salaketei eta haren txostena "hutsunez beteta" dagoela salatu du. "Israelekin obsesionatua dago AI. Txostena irakurrita, badirudi Israelgo armadak bere buruaren aurka borrkatu zuela, ez baitu Hamasek egindako erasoen berri jasotzen".
NBEk ere kritikatu izan du Israelek Gazaren aurka egindako erasoa, baina baita Hamasek egindako "krimenak" ere. Aldi hartan ere ez batak ez besteak ez zituzten salaketak onartu. Tzipi Hotolovey Israelgo Atzerri ministrordearen ustez, "Israelgo Estatua iraintzea" izan zen ikerketaren helburua. Hamasek, aldiz, "biktimak eta hiltzaileak" maila berean jartzea egotzi zion NBEri.