Belfasteko agintariek, istiluak saihestu nahian, debekatu egin zieten orangistei unionisten eta nazionalisten auzoak banatzen dituen Crumlim Roadetik igarotzea. Segurtasun neurriak alferrik izan ziren, ordea, atzo. Izan ere, Orangeko William errege protestantearen garaipena ospatzeko martxak 25 zauritu utzi zituen, tartean 16 urteko gazte bat.
Woodvale Roaden hasi ziren borrokak. Orangisten martxan parte hartzen ari ziren hainbat lagun, Poliziak jarritako hesiak gainditu, eta segurtasun indarrei botilak jaurtitzen hasi zirenean. Egoerak okerrera egin zuen, auto batek martxak salatzeko nazionalistek egindako elkarretaratzearen aurka jo eta 16 urteko gazte bat harrapatu zuenean. Nerabea erietxera eraman behar izan zuten eta auto gidaria atxilotu egin zuten.
Peter Robinson lehen ministroak gogor gaitzetsi ditu gertakariak. "Legea beteko bada, oinarrizkoa da liskarretan parte hartu dutenek euren erantzukizuna aitortzea".