Istilu larriak izan dira Dublinen, gizon batek hainbat lagun labanaz zauritu ostean

Erasoa migratzaile batek egin duela zabaldu da hasieran, eta, argudio horri eutsita, eskuin muturreko dozenaka lagun irten dira kalera. Hainbat ibilgailu erre dituzte, baita dendetako erakusleihoak apurtu ere. Gutxienez zauritu bat izan da.

IRLANDA ERASOA ISTILUAK
Polizia, Dublin iparraldean, istiluak piztu ostean. MOSTAFA DARWISH / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko azaroaren 24a
07:52
Entzun

Ostegun eguerdian gertatu zen. Dublin iparraldean, haurrak eskolatik irteten ari zirela, eskuetan labana zuen gizonezko batek eraso egin zien han zeuden guraso eta adingabeei. Bi heldu eta hiru adingabe zauritu zituen —haietako hiru larri daude, erietxean—. Eskolaren inguruetan zeudenek geldiarazi zuten erasotzailea, baita eskuetan zeraman labana kendu ere. Erasoaren lekuko izan ziren hainbat lagun erasotzailea jotzen hasi ziren, baina haiek urruntzea lortu zuten beste hainbat lagunen artean. 

Poliziak baztertu egin du «eraso terrorista» izan delako hipotesia, eta nabarmendu du ikerketa bat zabaldu dutela zer gertatu den argitzeko. Erasoa gertatu eta gutxira, ordea, zabaldu zen erasotzailea migratzailea zela, eta horrek protestak piztu zituen. Alferrik izan zen Poliziak esatea gizonezkoa irlandarra zela, eta erasoak ez zuela zerikusirik immigrazioarekin.

Eskuin muturreko mugimenduek sustatuta, dozenaka lagun irten ziren kalera bart, eta istilu larriak eragin zituzten. Segurtasun indarrek orduak behar izan zituzten egoera baretzeko. Manifestariek ibilgailuak erre eta dendetako erakusleihoak txikitu zituzten. Lanean ari zen banatzaile bati ere eraso zioten, eta osasun zerbitzuek artatu behar izan zuten, buruan hartutako kolpe batengatik. Poliziak salatu du «muturreko taldeek tragedia baliatu» dutela istiluak eragiteko.

Orduak igaro ahala, baretu egin dira istiluak. Baina gauean garraio publikoa geratu behar izan dute, eta osasun langileek hainbat lagun artatu behar izan dituzte kolpeen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.