Ekialde Hurbila

Istiluak izan dira Jerusalem ekialdean, arabiarren aurkako protesta batek eraginda

Eskuin muturreko Lehava taldeak deitutako martxa bat Jerusalemgo Hiri Zaharrera abiatu da bart gauean, eta auzo arabiarrera sartzen ahalegindu da. Palestinarrek aurre egin diote. 105 palestinar zauritu dira, Ilargi Gorriaren arabera.

Israelgo Poliziaren eta palestinarren arteko enfrentamendua, bart gauean, Jerusalem ekialdea. EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 23a
12:49
Entzun

Gau beroa izan dute bart Jerusalem ekialdean. Eskuin muturreko Lehava taldeak arabiarren aurkako protesta batera deitua zuen, «duintasuna berrezartzeko». Azken egunetan liskarrak izan dira israeldarren eta palestinarren artean hiri horretan, eta gertakari horien testuinguruan antolatu zuen protesta taldeak.

Sion plazatik Jerusalemgo Hiri Zaharrera abiatu zen martxa, Poliziak babestuta eta «heriotza arabiarrei» oihu artean. Damaskoko atearen kanpoaldean pilatu ziren protestariak, eta kontrolgunea gainditzen ere ahalegindu ziren, auzo palestinarrera sartzeko. Orduan lehertu zen egoera. Herritar palestinarrak pilatuta zeuden Damaskoko atean eta inguruetan, eta aurre egin zieten eskuin muturrekoei. Sare sozialen bidez zabaldu zuten euren burua «matoi kolonoetatik» defendatzeko deialdia. Shin Bet Israelgo barne zerbitzu sekretuak palestinarrei ohartarazi zien istiluak izango zirela manifestazioari aurre egiten bazieten.

Eta hala gertatu zen. Polizia oldartu egin zitzaien palestinarrei, eta manifestazioaren aurka egin zutenak disolbatzen saiatu zen, barreiatze granadak eta ur kanoidun kamioiak erabilita. Harriak jaurtiz erantzun zuten palestinarrek. Goizaldera arte luzatu ziren liskarrak, eta hiriko beste auzoetara ere hedatu ziren. Wafa albiste agentziaren arabera, manifestari israeldarrek Jerusalem ekialdea mendebaldearekin lotzen duen errepidea hartu zuten, eta eraso egin zieten autoetan zihoazen palestinarrei.

Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, 105 palestinar zauritu dira istiluetan, eta horietatik hogei ospitaleratu dituzte; horietako bat, buruan tiro bat jasota. Israelgo Poliziak, bestalde, 50 lagun atxilotu dituela jakinarazi du, eta hogei agente zaurituta daudela.

Jerusalemgo Hiri Zaharreko atarian istilu gehiago ere izan dira azken astean, palestinarren eta Israelgo Poliziaren artean. Izan ere, ramadana da hiriko musulmanentzat, eta horietako asko Damaskoko atearen inguruan elkartzen dira, Meskiten zelaigunean errezoa egin ondoren. Pandemia argudiotzat hartuta, neurriak gogortu ditu Poliziak inguru horretan, eta argudio hori darabil han elkartzen direnak aldentzeko.

Eskuin muturra, goraldian

Eremua musulmanek euren topaleku bihurtu izanak haserretu egin ditu erakunde ultraortodoxoak. Haserrea handiagotu zuten sare sozialen bidez zabaldutako zenbait bideok. Horietan, otoitz egitera zihoazen judu ultraortodoxoen eta palestinarren arteko liskarrak ikus zitezkeen. Eskuin muturreko taldeentzako bazka bihurtu dira irudiok. Iraintzat hartu zituzten gertakari horiek, eta horiei erantzuteko asmoa zuen bart gauerako deitutako martxak.

Eskuin muturra indartzen ari da Israelen, eta, azkenaldian arabiar eta judu komunitateen artean zuzeneko liskarrak apalduta bazeuden ere, areagotzen ari dira ramadanaren jokalekuan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak ere hauspotu du eskuin muturra, haren babesa beharrezkoa izan baitezake gobernua osatzeko. Sei parlamentari ditu eskuin muturreko talde ultraortodoxoek osatutako Alderdi Sionista Erlijiosoak, eta haren diskurtsoa geroz eta ozenagoa eta garrantzitsuagoa da Israelgo politikagintzan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.