Asteburuan, 30 urteko gazte bat larri zauritu zen, motoan eta kaskorik gabe zihoala, Poliziaren ibilgailu bat jota. Ezbeharra Villeneuve la Garenne auzoan gertatu zen, Paris kanpoaldean. Istripua izan eta ordu gutxira zabaldu ziren hainbat bideo eta irudi sare sozialetan, baita haserrea ere inguruko bizilagunen artean. Istripua nahita eragitea egotzi diote bizilagunek Poliziari.
Asteburuaz geroztik, istiluak izan dira Villeneuve la Garennen eta inguruko hirietan, baita bart gauean ere. Segurtasun indarren arabera, Genevilliersen izan dira larrienak. Han sute bat piztu da Paul Langevin lehen hezkuntzako eskolan. Suhiltzaileek berehala itzali dute sua, baina kalte handiak eragin ditu zuzendariaren bulegoan eta inguruko beste zenbait ikasgeletan.
Poliziak jakinarazi duenez, gutxienez bederatzi pertsona atxilotu dituzte azken orduetan istiluak eragitea egotzita. «Bezperako gauean baino askoz lasaiago aritu gara», zehaztu du, hala ere, Poliziako bozeramaile batek. Astelehen gauean ere beste bederatzi lagun atxilotu zituzten, segurtasun indarrei jaurtigaiak botatzea leporatuta.