Duela egun batzuk bihotzekoa izan eta hark biriketako edema sortu ondoren, Augusto Pinochet Txileko diktadore izana (1973-1990) atzo hil zen 91 urte zituela.
Diktadorearen heriotzak berriro piztu du haren aldekoen eta kontrakoen liskarra. Hala, heriotzaren albistea zabaldu eta lasterrera milaka txiletar kalera atera ziren, batik bat Santiago hiriburuan, batzuek Pinochet hil zela ospatzera, eta beste batzuk dolua adieraztera. Santiagoko erdigunean bildu ziren diktadorearen kontrakoak; aldekoak, berriz, Pinochet hil zen erietxe militarraren atarian.
Gainera, istiluak izan dira diktadorearen heriotza ospatzera atear direnen eta Poliziaren artean. Poliziaren arabera, Txileko Presidentetzaren egoitzara abiatzen hasi ziren hainbat manifestari, eta leku hura har zezaten galarazteko oldartu zitzaizkien. Ur kanoiak eta gas negarrarazleak erabili dituzte manifestarien kontra.
Diktadorearen kontrakoak pozik ageri ziren hil egin zelako, baina, era berean, samina ere adierazten zuten haren kontrako epaiketarik ez delako egin eta diktadurako sarraskiengatik zigorrik jaso gabe hil delako.
Txileko Gobernuak -zentro-ezkerreko Michelle Bachelet da presidentea- estatu hiletarik ez egitea erabaki du. Hala ere, Txileko Armadak ohore militarrak egingo dizkio. Hain zuzen ere, dagoeneko Santiagoko Eskola Militarrera eraman dute diktadorearen gorpua eta han ezarri dute hil kapera nahi duenak ohora dezan.
Salvador Allende Txileko presidentearen kontrako estatu kolpea gidatu zuen Pinochet komandanteak 1973ko irailaren 11n, eta ondoren, diktadura gogorra ezarri zuen 17 urtez. Denbora horretan, giza eskubideen urraketak handiak eta latzak izan ziren Txilen. Arlo horretan aritzen diren elkarteen arabera, gutxienez 3.500 lagun hil eta desagerrarazi zituen Pinocheten diktadurak.
Mundua
Istiluak Txilen, Pinochet diktadorearen heriotzaren albistea zabaldu ondoren
MIlaka lagun kalera atera dira Santiago hiriburuan: gehienak Pinocheten heriotza ospatzera; beste ehunka batzuk diktadorea hil den erietxe militarraren atarian bildu dira dolua adierazteko. Pinocheten aurkakoen eta Poliziaren artean istiluak izan dira. Diktadoreari ez diote estatu hiletarik egingo, baina ohore militarrak egingo dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu