Hungarian hilaren 4an izandako isuri toxikoa eragin zuen lantegiko zuzendaria atxilotu zuten atzo; MAL lantegi metalurgikoko zuzendaria. Kolontar herrian kokatua den enpresa horretako jabe baten semea, Zoltan Bakony, da aluminio fabrika horren buru, eta hura atxilotu dute. Berri hau Hungariako lehen ministro Viktor Orban berak iragarri du Parlamentuan eginiko adierazpenetan. Gobernuburuak gaineratu du «lokatz gorria isurtzearen erantzule den enpresa» nazionalizatu egingo dutela.
Zuzendariaren atxilotzea gertatu aurretik, baina, MAL enpresak ozen gezurtatu du isuri toxikoa haren axolagabekeriaren ondorio izan dela. «Zorrotz bete ditugu segurtasun neurri guztiak» ziurtatu du plazaratutako agiri batean. Ingurumenaren zaintzaileek, eta Greenpeace erakundeak bereziki, zehaztu dute, aitzitik, lehertu egin den putzuan pitzadurak ageri zirela isuri toxikoa gertatu baino zenbait egun lehenago.
Zortzi hildako dagoeneko
Urriaren 4an izandako isurketak hondamendi ekologikoa eragiteaz gain, zortzi hildako ere eragin ditu honezkero; izan ere, orain arte desagertutzat eman zen lagun baten gorpua atzeman zuten atzo. Hortaz, oraingoz, zortzi pertsonak bizia galdu dute lokatz gorrien isurketa horretan; 150 zauritu dira, eta horietatik 45 oraindik erietxean dira.
Anartean, Kolontar herriko eremuak babesteko gisan eraikitako dikea atzo arratsean amaitzekoa zen. 1.500 metroko luzera du, 30 metroko zabalera eta lau metroko altuera. Dikea eraiki bitartean, Kolontar herriko biztanle guztiak ebakuatu egin dituzte.
Isuri toxikoa eragin duen lantegiko zuzendaria atxilotu dute Hungarian
Kolontar herriko eremuak babestu eta beste isuri bat saihestearren, beste dike bat eraiki dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu