ITALIA. Bozak aurreratzea saihestu nahi du Berlusconik

ERREDAKZIOA
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak garrantzia kendu nahi izan dio bere koalizio gobernuak duen krisiari. UDCko kristau demokratek eta NPSIko sozialistek gobernutik alde egiteak zalantzan jartzen du Berlusconiren agintearen egonkortasuna. Gobernuburuak, baina, kosta ahala kosta saihestu nahi du Legebilzarrerako hauteskundeak aurrez egiteari, bozak oraintxe gertatzean hauek galtzeko arrisku handian bailitzateke.

UDCren eta NPSIren gobernutik alde egiteek eragindako egoera politikoa aztertzeko xedez, Aliantza Nazionaleko buruzagi eta Atzerri ministro Gianfranco Fini eta Giuseppe Pisanu Barne ministroarekin bildu zen atzo goizean Berlusconi. Bezperan, aldiz, gobernuburuak ahalegin guztiak egin zituen, UDC Batasun Demokrata Kristauak eta NPSI Italiako Alderdi Sozialista Berriak Gobernutik alde egiteko erabakian atzera egin zezaten. Horrelakorik ez zuen lortu haatik Berlusconik, Marco Follinu UDCko idazkari nagusiak ez baitzuen parte hartu ostiral arratsean gobernu itun berri bat finkatzeko asmoz deitua izan zen bileran.

Politika aldaketaren eskea

UDCko agintaritzako 57 kidek, alderdiak Berlusconiren gobernuan zeuzkan hiru ministro eta ministrorde bat kentzeko erabakia hartu zuten herenegun, kide bakar batek zuelarik kontrako jarrera hartu. Zenbait ordu geroago, berriz, NPSIk jakinarazi zuen Gobernua utziko zuela eta alderdiko bi ordezkariak kenduko zituela bertatik. UDCk zehaztu zuen, baina, Berlusconiren agintea sustatzen jarraituko zuela, oraingoz, Legebiltzarrean.

UDC eta NPSI alderdiek politika aldaketak eskatzen dizkiote Berlusconiri, Gobernuaren aldeko gehiengoak joan den apirilaren 3 eta 4ko eskualde hauteskundeetan pairatutako porrot egitearen ondorioak ateratzeko. Boz hauetan, zentro-ezkerreko oposizioak lehian zeuden 13 eskualdeetatik 11tan irabazi zuen eta orain 20 eskualdeetatik 16tan agintzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.