Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak atzo azaldu zuen konfinamendua mailaka leuntzeko plana. Herritarrek senitartekoengana joateko aukera izango dute maiatzaren 4tik aurrera, baina soilik euren eskualdearen barruan mugitu ahal izango dira, eta ezingo da jende asko elkartu leku berean. Kirola egin ahal izango dute, metro bateko gutxieneko tartea errespetatuta; eta hiletak egingo dituzte, gehienez hamabost lagunekoak, maskarekin eta elkarren arteko distantzia zainduta.
Gobernuak debekatu egingo die kalera ateratzea 37,5 gradu baino gehiagoko sukarra dutenei. Horiek etxean geratu beharko dute, jendearekin egon gabe, eta medikuari hots egin beharko diote.
Datorren astelehenean hasiko dute jarduna manufaktura eta eraikuntza sektoreek, eta handizkako merkataritzak ere bai. Jatetxeek soilik etxera eramateko janaria banatzeko irekiko dute. Langileentzako segurtasun protokoloak izan beharko dituzte guztiek.
Dena dela, hilaren 4an herritarrek ez dute nahi adina mugitzeko aukerarik izango. Ezingo dira beste eskualde batera joan, eta lan edo osasun arrazoiengatik edo «beharragatik» mugitu ahal izango dira soilik.
«Orain, birusarekin bizitzeko aldia hasiko dugu. Ulertu behar dugu bigarren fasean kutsatzeen kopurua hazi egin daitekeela berriz. Arriskua egon badago, eta arduraz jokatu behar dugu», adierazi zuen Contek.
Neurriak bi asteren buruan arinduko dituzte, maiatzaren 18an. Orduan irekiko dituzte saltoki txikiak, museoak eta liburutegiak, eta kirol partidak egiten hasiko dira zelaietan. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu txapelketak noiz hasiko diren berriro.
Azkenik, ekainaren 1ean irekiera gehiago izango dituzte: tabernetan eta jatetxeetan, ile apaindegietan eta estetika eta masaje zentroetan lanean hasiko dira berriz. Ikastetxerik ez dute irekiko ikasturte honetan.