«Jendea indarrez herrialde batera itzularaztea, tratu txarrak jasotzeko eta jazartzaileen besoetan erortzeko arriskuarekin, eta babestua izateko aukerarik gabe, nazioarteko legea urratzea da», gaitzetsi du Errefuxiatuentzako Maltako Jesuiten Zentroko zuzendari Joseph Cassarrek. Haren esanetan, Italiak indarrean jarri asmoa duen legediak ukatu egiten die etorkinei asilo eskubidea. «Giza eskubideen kontura hartutako neurria ezin da inola ere garaipentzat ulertu».
Patruilak indarrean jarri aurretik hasi ziren Erroman etorkinak Libiara itzultzen. Apirilean, Turkiako zamaontzi batek 154 etorkin aurkitu zituen nazioarteko uretan noraezean. Ontzia Lampedusatik gertuago zegoen Maltatik baino, baina Italiako Gobernuak ez zion zamaontziari bere uretan sartzen utzi, argudiatuz hura Valletaren salbamendu ingurua zela, eta hari zegokiola paperik gabekoak hartzea. Maltak ere ateak itxi zizkien, ordea, esanez Italiatik gertuago zeudela. Hala, hainbat egunen ostean, zuzenean Libiara bidaltzea erabaki zuen Berlusconiren gobernuak.
«Lorpen historikoa»
Egindakoa «lorpen historikotzat» jo du Italiako Barne ministro Roberto Maronik. Valletako gobernuak ere begi onez ikusi ditu Erromak hartutako neurriak. Maltara Italiara baino askoz ere etorkin gutxiago heltzen dira, baina uhartean 200.000 lagun bizi direla kontuan hartuta, baliabideak murritzagoak dira. Horiek hala, Maltako Gobernua Italiako patruilei laguntzeko prest agertu da.
Patruilena ez da, ordea, Berlusconik indarrean jarri asmo duen neurri bakarra. Atzo bertan, Diputatuen Kongresuak paperik gabekoak kriminalizatuko dituen araudia onartu zuen aldeko 297 botorekin, eta kontrako 255ekin. Besteak beste, 5.000 eta 10.000 euro arteko isuna eta bi eta sei hilabete arteko kartzela zigorra jaso dezakete Italian paperik gabe sartzen direnek edo dagoeneko bertan daudenek. Paperik gabeko etorkinei aterpea ematen dietenak, berriz, hiru hilabeteko kartzelara zigor ditzakete.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaitzetsi egin ditu neurriak, salatuz asilo eskubidea urratzen dutela. «Libiak ez du 1951ko Genevako Ituna berretsi, eta beraz, ez du asilo eskatzaileentzako legeriarik. Horiek hala, etorkinek beharrezko babesa jasoko duten bermerik ere ez dago». Italiako Atzerri ministro Franco Frattiniren iritziz, ordea, legeak ez du inolako araudirik urratzen. Berlusconiren beraren esanetan ere, erakunde kriminalek aukeratzen dituzten etorkinak, beren interesen arabera. «Jende hori ez da hona iristen beren herrialdean duten egoera jakin batetik ihesi, edo bidegabekerien biktima direlako. Erakunde kriminalek aukeratzen dituzte», nabarmendu du Italiako lehen ministroak. Bide beretik, gobernuburuak ohartarazi du ez duela onartuko Italia etnia anitzeko herrialde bilakatzea. «Ez dizkiegu denei ateak zabalduko ezkerrak bezala. Gure xedea ez da etnia askoko gizartea osatzea. Guk asilo politikoa lortzeko baldintzak betetzen dituztenak soilik hartu nahi ditugu».
Atzerapausoa
Segurtasun Legea deiturikoa indarrean sartzen denean, lan kontraturik edo pasaporterik ez duten etorkinek ezin izango dituzte beren seme-alabak egoera zibileko erregistroan sartu. Horretaz gain, herritarrek patruilak osatu ahalko dituzte «kaleak zaintzeko». Giza eskubideen aldeko taldeek ohartarazi dute etorkinen egoera okertuko duela horrek, izan ere, medikura joatearen edo haurrak eskolara bidaltzearen beldur izango dira. «Segurtasuna atzera egiteko argudio gisa erabiltzea arriskutsua da. Italiako historiako une batean haurrak eskoletatik kanporatzen zituzten erlijioan oinarrituta. Ezin dugu arrazan oinarritutako legeetara itzuli», adierazi du Dario Franceschini oposizioko Alderdi Demokratako buruak.
Datozen egunetan Senatuan bozkatuko dute legea, eta han onartzen bada indarrean sartuko da epe motzean. Italiako Konstituzionalisten Elkarteko buru Alessandro Pacek, ordea, ohartarazi du araua Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela: «Legediak gizakiaren eskubide bortxaezinak onartu eta bermatzen ditu, ez bakarrik Italiako herritarren eskubideak».
Etorkinentzakobagoi bereziakMilango metroan
Oraindik proposamena besterik ez da, baina aurrera egiteko aukera handiak ditu. Italiako koalizio gobernuko kideak, Lega Nord alderdiak, egin du proposamena: Milango metroan bagoi batzuk soilik etorkinentzat uztea, eta beste batzuk soilik emakumeentzat. «Hamar urteko epean, Milango herritarrentzat eta jende zintzoarentzat gordetako eserlekuak egongo dira, garai batean gerra beteranoentzat gordetzen ziren gisan», argudiatu du Matteo Salvini Lega Nordeko idazkariordeak.Oposizioan dagoen Alderdi Demokratako kide Pierfrancesco Majorinok «Ku Klux Klanaren neurriko proposamena» dela salatu du, eta bazterketa bultzatzea egotzi dio Salviniri.
Zenbakia
%75
Gero eta gehiago. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, iaz 36.000 lagun heldu ziren Lampedusara, 2007an baino %75 gehiago. Maltara, berriz, 2.704 lagun iritsi ziren iaz, Mugarik Gabeko Medikuen arabera.Urtero milaka etorkin hartu behar dituzte Italiako Lampedusa uharteko eta Maltako atxilotze zentroetan, baina giza erakundeek ohartarazi dute zentro horietako egoera «oso txarra» dela.
Mediterraneoan harrapatuta
A. Elizegi.Bizimodu hobea aurkitzeko itxaropenarekin milaka etorkin abiatzen dira urtero Europara. Duela ez asko Espainiatik sartzen ziren gehienak, hori baitzen bide errazena, baina Europako Batasunak kostaldea zaintzeko patruilak sortu zituenetik, gero eta gehiago dira Italiatik sartzen ahalegintzen direnak. Libiara iristea da lehen urratsa, eta handik, itsasoz, kontinentean sartzea bigarrena. Maiz, itsaso zakarraren edo bestelako arazoen ondorioz, ezinezkoa zaie penintsulara heltzea, eta Malta eta Lampedusan (Italia) hartu behar dute aterpe. Biak uharte txikiak dira, ordea, -25 kilometro koadro ditu Lampedusak, eta 316 Maltak-, eta ez dute nahiko baliabide.
«Txalupa hartzen duten etorkin gehienek Italiara iritsi nahi dute. Malta txikiegia da. Ez dugu hemen geratu nahi», dio Abdi Jamak. 20 urte ditu eta Somaliakoa da, sei hilabete daramatza herrialdeko atxilotze zentro handienean, Marsan. Asko dira bera bezala kontinentera abiatu eta Maltan geratu behar izan dutenak. Batzuk bost eta sei urte daramatzate han. Izan ere, Dublingo Araudiaren arabera, etorkinak lehenengo hartzen dituen herrialdeak izango du haien ardura, nahiz eta gerora beste estatu batzuetara joan. Apirilaren bukaeran, ordea, Europako Legebiltzarreko Eskubide Zibilen Batzordeak proposatu zuen «gehiegizko immigrazioa» duten herrialdeen kasuan araudia aldatzea. Europako Legebiltzarrean datozen egunetan aztertuko dute proposamena.
Muturreko egoera
Iazko urte bukaeran iragarri zuen Silvio Berlusconiren gobernuak gaurtik aurrera kostaldea zaintzeko patruilak jarriko zituztela martxan. Horiek hala, azken hilabeteak baliatu dituzte etorkinek Europan sartzen ahalegintzeko. Ondorioz, lehendik egoera txarrean zeuden atxilotze zentroek okerrera egin dute. Lampedusan urtarrilean piztu ziren istiluak, mila lagunek zentrotik ihes egin eta egoera salatzeko manifestazioa egin zutelako. Herritarrek eurek diote «Mediterraneoko Alcatraz» bilakatu dela irla.
Zentroan 850 lagunentzako tokia dagoen arren, 1.800 daude. Lehen, zentroa betetakoan etorkinak penintsulara eramaten zituzten, baina legedia berriaren arabera, immigranteek Lampedusan geratu behar dute Italiak asiloa eman edo kanporatzeko agindu arte.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egoera «larria» dela ohartarazi du. Haren esanetan, zentroan ez dago denentzako tokirik, eta ondorioz, etorkin askok kanpadendetan edo plastikoz egindako aterpeetan egin behar dute lo.
Maltako egoera ez da askoz hobea. MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak bertako atxilotze guneetan dauden etorkinak artatzeari uko egin dio, zentroetako egoera txarra dela eta. «Zentroetako egoera lazgarria da eta bertakoen ongizatea arriskuan dago», gaitzetsi du MSFko eledun Antonio Virgiliok. Erakundeak Europako Legebiltzarrera jo du egoera salatzera.
Gatazken ondorioak
Virgilioren esanetan, etorkinak «pilatuta» daude atxilotze zentroetan, eta ez dute nahikoa bainurik denentzako. «Zentro batean 55 lagunentzako komun bakarra zegoen. Etorkinek, maiz, edukiontzi hutsetan egin behar dituzte beren beharrak». Horretaz gain, immigranteei beharrezko osasun zerbitzuak ukatzea egotzi dio gobernuz kanpoko erakundeak Maltako Gobernuari. Erakundearen arabera, zentroen inguruan ez dago botikarik, eta gaitz infekziosoak dituzten etorkinak osasuntsu daudenekin sartzen dituzte. «Kasu batean, 14 urteko gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu zen, atxilotze zentroan bost hilabete zeramatzanean».
Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Maltara iristen diren paperik gabeko etorkinen %60 gatazkak eta giza eskubideen urraketak nagusi diren herrialdeetakoak dira. Somaliakoak, Sudangoak, Eritreakoak eta Nigeriakoak dira gehienak. «Matematika irakaslea nintzen. Nire hiru lankide hil eta eskola itxi egin zuten. Somaliatik ihes egin nuen gure etxea ez zelako segurua. Bestela geratu egingo ginen. Etxe ondoan mina bat lehertu zen eta haren zatiak oraindik gorputzean ditut», azaldu dio somaliar batek MSFri. Kontinentean asiloa eskatzeko asmoarekin heltzen dira gehienak.
Gobernuz kanpoko erakundearen Kriminalak ez txostenak Valletako gobernuaren haserrea eragin du. Simon Busuttil eurodiputatuak onartu du atxilotze zentroetako egoera ez dela ona, baina nabarmendu du MSF bera ere kontraesanean erori dela etorkinei laguntza ukatzean. «Maltako Gobernuak ez dauka nahikoa baliabide iristen diren etorkin guztiak artatzeko. Baina egoera txarra denean laguntza ukatzea okerreko erabakia da», adierazi du Busuttilek. Gobernua prest dago Italiak martxan jarriko dituen itsas patruiletan parte hartzeko, baina bide beretik, immigrazioaren kontrako neurriak gogortzeko eskatu dio Europako Batasunari.