mundua

Italia iparraldean lurrikara bat izan da, eta gutxienez hamabost lagun hil dira

Emilia-Romagna eskualdean izan da, goizean. 13:00ak aldera beste bi lurrikara izan dira, 5,3 eta 5,1 gradukoak. Hilaren 20an beste lurrikara bat izan zen gune berean; zazpi hildako izan ziren. Bideoa: Medollako irudiak. [YouTube]http://youtu.be/mdtHxFSOEHM[/YouTube]

2012ko maiatzaren 29a
16:27
Entzun

Italia iparraldean 5,8 graduko lurrikara izan da gaur goizean, Emilia-Romagna eskualdean, eta gutxienez hamabost lagun hil eta ehunka zauritu dira,  La Repubblica egunkariaren arabera. 5.000-6.000 lagun etxetik atera behar izan dituzte.

San Felice sul Panaron gutxienez hiru langile hil dira eta gainerakoak Mirandolan, Medollan, Cavezzon, Concordian eta Finale Emilian zendu dira.

Modena eskualdean izan du erdigunea lurrikarak, baina Italia erdialdean ere sentitu dute; hala nola, Genovan, Lombardian, Piamonten, Veneton eta Toscanan. Milanen, Bolognan eta Florentzian hainbat eraikin hustu dituzte. Suhiltzaileak lagun gehiagoren bila ari dira.

Gainera, hainbat tren zerbitzu bertan behera utzi dituzte, lurrikarak kalteak eragin ote dituen ikusteko.

Lurrikara izan eta ondorengo bi ordu eta erdian 30 erreplika izan dira. 13:00ak aldera 5,3 eta 5,1 graduko beste bi lurrikara izan dira.

Mario Monti Italiako lehen ministroak "konfiantza" izan dezaten eskatu die herritarrei, eta gobernuak "ahalik eta hoberen eta eraginkorren" jokatuko duela adierazi du. "Ziur nago une hau gaindituko dugula".

Hilaren 20an beste lurrikara bat izan zen inguru berean. Orduan gutxienez zazpi lagun hil ziren, eta 5.000 lagun etxetik aterarazi zituzten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.