Gaur arte bide guztiak erabili ditu agintariak babesa lortzeko, atzo Legebiltzarreko saioetan azkena, inoiz baino lagunago, inor iraindu gabe. Zentrista eta moderatu guztiei hitzarmen bat proposatu die, argudiatuz aurreikusi ezin den gobernu bati bidea egingo diola bere kontra egiten badute, eta «irtenbide bakarra konfiantza berritzea» dela. Berlusconi prest dago «behar den oro egiteko eta berritzeko, programan nahiz Gobernuaren koordinazioan» Europako Alderdi Popularraren barnean aitortzen direnekin, bereziki Finiren diputatuekin, herriak koalizioaren alde bozkatu zuela gogorarazita, hari bizkar ematea litzatekeela esanez-ez du traizioa aipatu, ohi duen bezala -.
Gianfranco Finik, aurkarien aldean, ordezkarien botoa ziurtatu nahi izan du, bozketaren aurretik. Atzo gauean premiazko bilerara deitu zituen diputatuak, batez ere Silvano Moffak eta Grazia Silichinik egin behar dutena jakiteko, baina bilerara ez zirela joango zabaldu zen. Horiek ez dute argi zer egingo duten, La Republica egunkariak kaleratu duenez. Komunikabide horrek berak esan du 313 ordezkarik Berlusconiren alde egingo dutela, eta 311k kontra, baina hiru ordezkariren zalantzak erabakiko duela dena -316 boto behar ditu lehen ministroak-. Iheslariekin azken unera arte «negoziatzen» jarraitzeko asmoa dagoela esaten ari dira hainbat komunikabide, eta berdin izan diola ezkerrera edo eskuinera jo. Antonio Di Pietro IDV Balioen Italiako diputatuak aitortua du etxeko hipoteka ordaintzearen truke saldu duela botoa; beste batek milioi erdi euroko eskupekoa bero-bero izango duela botoa ematen duenean, baina isilean daudenek haiek jakingo dute.
Immunitatearen bila
Berlusconi eta Fini dira zalantzarik ez duten bakarrak. «Konfiantza berreskuratuko dugu», erabaki du lehenak. Bigarrenak «konfiantza ukatu egingo» diotela, baina badaezpada, bozkatu aurretik dimisioa eman dezala eskatzen ari zaio Fini behin eta berriz. Kongresuko presidente eta 18 urtean Berlusconiren aliatu izandakoa oso amorrarazita dago lehen ministroak hartu duen bidearekin, eta azken aldian gehiago, trapu zaharren jokoan sartu duelako itxura garbizalea eta zintzoarena ematen saiatu dena. Bere ustez Berlusconik ez du gobernatu nahi. «Chigi jauregian geratu baino ez du nahi, zer eta immunitatea emango dion legea onartu arte», ezinbesteko epaiketak ez egiteko.
1994. urtean inork ez zuen pentsatuko PDL Askatasunaren Herria alderdiaren sortzaileek horrela amaituko zutenik. Lehen ministroaren Forza Italia eta Legebiltzarreko presidentearen Aliantza Nazionala batuta sortu zuten. Finik alde egin edo bota izana -ez dago argi-Berlusconiren ezkutuko trikimailuek hartu duten tamainarekin dago lotuta. Politikan hasi zenetik, Italiako gobernuburuak Al Caponeri inbidiarik ez izateko moduko zerrenda osatu du akusazioekin, ustelkeria, eta mafiak zipriztindutako delituez, haietatik libratzeko legeak onartu beharrez.
Finik dimisioa emateko eskatu zien ikerketetan nahasitako parlamentari guztiei, eta horrek ekarri zuen lehen ministroarekin ezin konpondua, presidentea tematuta baitago beretarrak azkeneraino defendatzen. Egiaz, Finiren eta Berlusconiren aliantzaren bukaera aspaldi hasi zen; adituen arabera, Fini aspaldi konturatu zen etika politikoari eginiko umilazioak asaldagarri iruditzen hasiak zitzaizkiela alderdiko moderatuei ere: boto-emaile horiek sekula ez lukete ezkerraren alde bozkatuko, baina galdua dute Berlusconiren eta ingurukoenganako konfiantza. Finik FLI sortu bezain laster etorkizun gutxi eman zioten inkestek alderdiari.
Eskandaluak
Aurten, Berlusconiren zerrendari sexu eskandaluak gehitu zaizkio, tartean adingabeko batena, ustezko P3ri buruzko ikerketari ekin diote garai berean: P3 Propaganda Due (P2) logia masonikoaren egungo bertsioa da; 1980ko urteetan, P2 logian elkar hartuta aritu ziren hainbat epaile, zerbitzu sekretu, kazetari, enpresaburu eta politikari, azpijokoan, desoreka politikoa sortu eta, hartara, zeharka boterea nahi bezala erabiltzeko.
Silvio Berlusconi
Tratulari amorratua
Silvio Berlusconiri (Milan, 1936) berdin dio, eraikuntzan, komunikabideetan edo gobernuan; dena da negozio, eta dena eros daiteke. Hori erakutsi du bere bizitza osoan, Italiako enpresaburu aberatsenak.1961ean Zuzenbidean lizentziatu zen, eta Cantieri Riuniti Milanesi Italiako enpresa garrantzitsuena sortu zuen. Hango irabaziak inbertituz hasi zuen benetako inperioa komunikabideetan. Telemilano (1974), Canale 5 (1978) eta Il Giornale egunkariko akzioak erosita Fininvest taldera bildu zituen erositakoak. RAIri monopolioa kendu zion 1983an erosketa gehiagorekin, eta Frantziara eta Espainiara zabaldu zuen inperioa. Erosiz eta erosiz, erosketa guztiak Mediaset taldean batu zituen, eta egun Italiako entzuleen %50 bereganatzen du, iragarkien %66. Gobernuan, jakina, RAI publikoaren kontroladauka.Benetako boterea izateko politika behar zuela bazekien Il Cavalierik —lehenagotik ere itzalean konspiratzen iaioa dela azaleratu diote—, eta 1994an egin zuen debuta Forza Italia sortu zuenean. Botere mediatiko guztia bere zerbitzura jarriz irabazi egin zuen 1995ean, baina urtebete baino ez zion iraun. 2001-2006 eta orain 2008tik boterean, auzipetu, epaitu eta kondenatu egin dute, —inoiz ez espetxeratu—, eta berak bakarrik daki zenbat saltsatan aritu den.
Harroa, nartzisista, txiste txarrak kontatzen dituela esaten dute, eta musika maite duela —diskoa egin zuen— . Bi aldiz ezkondua, bost seme-alaba dauzka.
Marina Sereni.Alderdi Demokratikoko presidenteordea
Gobernuaren kontrako zentsura mozioek aurrera eginez gero askotariko taldez osaturiko trantsizio gobernu bat osatzearen alde agertu da Sereni, «Italiak behar duen egonkortasuna bermatzeko»
«Berlusconismoarenak egin du; sistema politikoa berriz eraiki behar dugu Italian»
Jon FernandezItaliako politikagintzan garai interesgarria dela uste du Marina Serenik (Foligno, 1960), lehen ministroa politikagintzatik desagerrarazteko unea. Horregatik eskatu dute zentsura mozioa. Sereni bizitza osoa darama jardun horretan, hamalau urterekin Gazte Sozialistetan afiliatu zenetik. Bere herriko udaletxean hasi zen lanean, Perugiako eskualdeko gobernuan ondoren, gai sozialetan, eta 2001ean egitura nazionalean lan egiteko deitu zion PD Alderdi Demokratikoak.Atzerri gaiez arduratu da urte askoan, eta kezka berezia du Ekialde Hurbilaz, Irakeko gerraz, globalizazioaz eta pobreziaz. Joan den urteko azaroan hartu zuen presidenteorde kargua. Ezkertiartzat eta bakezaletzat jotzen du bere burua.
Nola iritsi da Italiako politika egoera honetara?
Azaleratzen ari den krisia ez da gaur sortu. Urte asko daramatza [Silvio] Berlusconik boterean, baina bere indarra ahuldade bilakatu zaio orain. Lider guztiz mediatikoa izan da, medioetan eta ekonomianbotere handiduna. Baina, funtsean, lider populista izan da, eta ez du jakin urteetan lortu duen kontsentsua kudeatzen. Berlusconiren izarra itzaltzen ari da. Zentro-eskuinean piztu den krisia ez da igarokorra.
Zein faktorek abiarazi du haren gainbehera?
Krisi ekonomikoa izan da gobernuaren gainbehera azkartu duena. Baina Berlusconiren hondoratzea ez du krisi ekonomikoak ekarri. Italia hainbat ahultasunekin sartu zen krisian: hazkunde txikia, azpiegitura moderno falta, ekonomia eta administrazio atzeratuak, ihes fiskala... Erreforma sakonak behar ziren. Behar dira. Baina horrek pribilegioak kentzea dakar, kontrakotasunak sortzen ditu hainbat sektoretan. Eta Berlusconik denak pozik izan nahi dituenez, Italiako politika gidatu duen urte luzeetan behin ere ez du erabaki benetakorik hartu. Herritarren begietara, krisi ekonomikoak biluztu du eskuinak gobernatzeko duen ezintasuna.
Zergatik erabaki duzue gobernuari zentsura mozioa orain jartzea?
Gizarteak argi ikusi duelako Parlamentuan ez dutela gehiengorik gobernua babesten dutenek. [Gianfranco] Finiren alderdikideek gobernutik irten eta gutxiengoan utzita, edozein agintarik bere dimisioa aurkeztuko luke. Baina Berlusconik horrelakorik egin ez duenez, krisia Parlamentura eramatea zela zentzudunena uste dugu.
Finiren FLI alderdiko 36 botoak erabakigarriak izango dira gaur. Gobernuaren kontra bozkatuko dute?
Oraindik orain, ezer ez dago argi. Baina esango nuke, FLIren jarrera gugandik gertuago dagoela gobernuarengandik baino.
Urteetan Berlusconiren aliatu izan da. Zerk aldatu du Fini?
Fini Parlamentuko presidentearen eta lehen ministroaren artean ezberdintasun politikoak sortu dira justiziari, segurtasunari edota kriminalitatearen kontrako borrokari dagokienean. Baina bien arteko banaketa ekarri duen arrazoi nagusiena demokraziarekiko eta politikarekiko duten ideia izan da. Sakoneko banaketa batez ari gara.
Zentsura mozioa galduz gero hauteskundeetarako indartsu dagoela dio Berlusconik.
Berlusconi borrokalaria da, ez du erraz amore ematen. Ahal duen guztia egingo du boterea ez galtzeko, horrek asko zailduko bailioke bizitza justiziaren aurrean. Bozak aipatzean propaganda egiten ari da, egoera distortsionatzen.
Zer aukera zabalduko dira mozioak aurrera egiten badu?
Bozena aukera bat da, baina ez dut gauzagarria ikusten. Giorgio Napolitano Italiako presidenteak du mozioaren ostean hartu beharreko bidea aukeratzeko ardura. Egoera ekonomikoaz benetan arduratuta dago, eta uste dut trantsizio gobernu baten alde egingo duela. Parlamentuan gobernu hori osatu eta babesteko gehiengoa lortu beharko da, aro berri baten aldeko alderdiek bat eginik.
PDk ere trantsizio gobernuaren alde egingo luke, hortaz.
Horixe litzateke konponbiderik egokiena. Erantzukizun Nazionaleko Gobernua ere deitu diote batzuek. Gobernu berria osatuko duten alderdiek helburu berak izan beharko dituzte arlo ekonomikoan eta sozialean, eta baita erakundeen arloan ere. Izan ere, hauteskunde legea aldatu beharra dago horrenbesterainoko bipolarismoa egon ez dadin. Egungo legeak lehen ministroaren jokoa errazten du. Trantsizio gobernuaren bide guztiz meharra igarotzea da Berlusconi ez berpizteko benetako aukera bakarra.
Berlusconi desagertu arren, berlusconismoak iraungo al du?
Ez. Inolaz ere ez. Berlusconik mundu mailan ere zabalduta dagoen politikaren pertsonalizazioa ekarri du Italiara. Liderraren rolak du alderdiak baino garrantzia handiagoa. Beraz, uste dut Berlusconi ezin duela Berlusconik ordezkatu. Hain zuzen ere, eredu horren krisiak ekarri du zentro-eskuinaren pitzadura. Badirudi zentro-eskuinak ideiei eta alderdiari eman nahi diotela indarra. Liderra joanda, alderdi bat baino gehiago sor daitezke zentro-eskuinean. Aldaketa handia izango da, guztiz beharrezkoa.
Nolabaiteko lilura sortzen ari da Fini zentro-eskuineko sektore batzuetan.
Zentro-eskuineko moderatuek eskuin populistaren alternatiba gisa begiratzen diote Finiri. Posible litzateke, esaterako, zentroko alderdiak Finirekin bat egitea. Eskuinetik eta ezkerretik kanpoko hirugarren poloa sor daiteke. Ez luke bakarrik gobernatzeko adina babes lortuko, eta beraz elkarlanean aritu beharko da. Epe luzera, egungo zentro-eskuina ordezka lezake; sistema politikoa berriz egituratzearen atarian gaude.
Boz aurreratuen hipotesian, lehen ministroak ba al du alternatibarik?2007an PD sortu genuenetik zentro-ezkerra inoiz baino batuago dago. Hala ere, une honetan interesgarriagoa zaigu ezkerrarekin baino zentroko hirugarren poloarekin harremana izatea. Egoera dramatiko honetan zintzoena ez da haren kontrako aliantza egitea. Herri honek egonkortasuna behar du. Berlusconismoarenak egin du, sistema politikoa berriz eraiki behar dugu xede hori dugun alderdiok bat eginik.