Lurrikara bortitza izan zen; lerro hauek idazterako unean, baina, sismologoak ez zetozen bat haren indarra zehaztean. Ameriketako Estatu Batuetako sismologia zentroak emandako datuen arabera, Ritcher eskalan 6,3 gradukoa izan zen, Italiako Babes Zibilaren arabera, berriz, 5,8koa. Orduak pasa ahala, halaber, hildakoen kopuruak gora egiten zuen; ahalik eta atzo iluntzean, bizi galdu zutenak 150 inguru zirela ziurtatu zuten arte.
Lurrikaran zauritutakoak 1.500 bat izan ziren, eta 50.000 inguru etxerik gabe gelditutakoak. Gainera, gaua non pasa ez zutelako, baita erreplikek zutik gelditutako eraikin apurrak botako zituzten beldur zirelako, 100.000 lagun inguru ebakuatu zituzten atzo. Asko L´Aquilako aparkaleku, zelai eta kirol eremuetan hartu zuten aterpe. Gobernuak jarritako kanpadendak, izan ere, eskas gelditu ziren kaltetu guztiak haietan hartzeko.
«Apokalipsia»
«Hau guztia apokalipsia izan da. Elizako kanpandorrea eraitsi du lurrikarak. Nire apartamenduan ez da aurrealdeko pareta besterik gelditu; gainontzeko guztia hutsa da. Lagun bat galdu dut. Orain kaltetuentzat jarri dituzten kanpamenduetara noa». Hondamendian ikusi eta sufritutakoa kontatu zion RAI1 irrati kateari Michellek. Paolo Poggio hedabide horretako kazetariak, bere aldetik, hitz gutxitan laburbildu zuen Paganica herri historikora ailegatutakoan ikusitakoa: «Herriaren zati bat falta da». Lurrikarak gehien kaltetutako herrietako bat da Paganica; baina ez bakarra, dozena bat gehiago bihurtu baitira tragediaren eszenatoki.
Panorama beltzena, nolanahi ere, L´Aquilan dute. Abruzzo eskualdeko hiriburu horretan eraikin historiko eta ez historikoak, ia guztiak erori ziren behera. «Hiru orduz egon gara zain, laguntza iritsi den arte. Izugarrikeria hutsa da hau. Ez zuten telefonoa hartzen. Jendeak lagundu digu, bizilagunek, ez beste inork. Ez genekien gure lagunetatik zenbatek galdu zuten bizia lurrikaran». L´Aquilako Ikasle Etxean zen lotan Lucia, 23 urteko gaztea, lurrikarak eraikina eraitsi zuenean. La Repubblica egunkariari kontatu dio nola etxea bitan hautsi zen arren, eta ondorioz, dena hautsak estaltzen bazuen ere, azkenean kanpora irtetea lortu zuten.
Davide de Angelis 64 urteko L´Aquilako bizilagunak ez du halako zorterik izan: «Anaia, koinata, iloba eta horren mutil-laguna daude». Guztiak hondakinen artean gelditu zirela harrapatuta zioen De Angelisek, emaztearen beso artean, negar zotinka. Hiriburuko zonalde historikoak jasan ditu kalte handienak; eta erreskate taldeek han jarri zuten arreta atzokoan. Alabaina, arratsalde partean eguraldiak okerrera egin zuen: euria hasi zuen eta horrek nabarmen zaildu zuen salbamendu taldeen lana.
Ehunka biktimez gain, atzoko lurrikarak kalte material handiak eragin ditu. L´Aquilako zentroan dozenaka eraikin historiko daude, eta asko, dardararen ondorioz, erabat suntsitu dira. Hondakinen artean inor ez dela bizirik gelditzen ziurtatu ondotik, horiek berreraikitzeko lanekin hasi beharko dute, horregatik. Euren etxeak gainean zutenarekin soilik atera behar izan dutenek, halaber, ezingo dituzte beren gauzak berreskuratu bihar arte.
Atsekabea
Abruzzon gertatutakoak atsekabea eragin du nazioartean. Dozena bat herrialdetako agintarik beren doluminak eman dizkiete biktimei eta euren senitartekoei. Asko izan dira, halaber, hondamendiari ahalik eta azkarren buelta emateko laguntza eskaini dutenak. Barack Obamak AEBetako presidentea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa atsekabetuta agertu dira Turkian, Zibilizazioen Aliantzaren bileran. EB Europako Batasuna Italiako Babes Zibilarekin batera lan egiteko prest agertu da.
«Biktimen eta suntsipenaren inguruan iristen zaizkigun albisteak zirrara eragiten dit», adierazi du, bere aldetik, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak. Eliza katolikoak ere «albiste dramatikotzat» jo du gertatutakoa. Benedikto XVI.ak, hala, hondamendian hildakoen alde egingo duela otoitz agindu du.
Lurrikarak Europan
1963ko uztailaren 26a. Gutxienez mila lagun hil ziren Mazedonian, Skopje hiriburuan. Ritcher eskalan 6,9 gradukolurrikara izan zen, eta hondamendiaren ondorioz, ehun bat mila herritar etxerik gabe gelditu zen.1966ko abuztuaren 18a. 2.520 lagun inguru hil ziren Turkiako ekialdeko lurrikaran.
1999ko abuztuaren 17a. Turkiako Izmit eta Istanbul hirietan eragin zituen kalte gehien Ritcher eskalan 7,4 graduko lurrikarak; orotara 17 bat mila lagunek galdu zuten bizia.
1999ko azaroaren 19a. Ritcher eskalan 7,2 graduko lurrikaran 400 bat lagun hil ziren Duczen, Turkian.
2002ko urriaren 31. Italiako hegoaldeko San Giuliano di Pugliako eskola erori zen lurrikara baten ondorioz. Ikasleak eskolan zirela gertatu zen ezbeharra, eta ikasgela bateko haur guztiak hil ziren.
2003ko maiatzaren 1a. Turkiako hego-ekialdean 160 bat lagunek galdu zuten bizia; tartean 33 haurrek.
2009ko apirilaren 6a. Italiako erdialdean gutxienez 92 lagun hil ziren, Ritcher eskalan 5,8 graduko lurrikararen ondorioz.