Aquarius ontziarekin aurrekaria ezarri ondoren, Italiak bertze ontzi bati debekatu dio porturatzea. Matteo Salvini Barne ministroak eman du agindua berriz ere, eta ohi bezala jakinarazi du, sare sozialen bidez eta hizkera gordinarekin: "Italiako Kostako Guardiak idatzi die errateko ez zitezela mugitu, Libia eginen zela haien kargu, baina madarikatu horiek, txalupa horietan zihoazen migratzaileen bizia arriskuan paratuta, ez diote inori entzun, eta esku hartu dute giza haragi kargamentu hori ontzira igota".
Salvinik erran du Lifeline GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontzia Herbehereetakoa dela, eta Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen ibiltzen diren ontziak hainbat herrialdetakoak direnez, eskuin juturreko politikariak haien aurka jo du: "Eraman ezazue gizaki kargamentu hori Gibraltarrera, Espainiara, Frantziara edo nahi duzuen tokira".
Bilera garrantzitsuak
Azken urteotan Libiatik Europara ailegatzeko helburuz itsasoratu diren migratzaile gehienak Italiak hartu ditu, eta Erroman duela aste batzuk gobernua osatu zutenetik, EB Europako Batasunaren jarrera baldintzatu nahian ari da exekutibo berria. Igandean EBko estatuetako agintari gorenak bilera "informala" egitekoak dira migrazio politikaren inguruan, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak deituta. Salvinik erran du Giuseppe Conte lehen ministroak parte hartuko duela. "Ez badago proposamen erabilgarririk mugen defentsan, segurtasunean edo egiazko errefuxiatuen eskubideen inguruan, ez erratera ausartuko gara".
Hurrengo ortzegunean eta ortziralean Europar Kontseiluan elkartuko dira EBko estatuetako agintari gorenak, eta espero da migrazio politika izanen dela eztabaidagai nagusietako bat.