Mundua

Italiako errepublikako presidenteak Legebiltzarra desegin du, eta apirilean izango dira hauteskundeak

2008ko otsailaren 6a
13:57
Entzun
Giorgio Napolitano Italiako errepublikako presidenteak Legebiltzarra desegin ditu gaur goizean -Senatua eta Diputatuen Ganbera-, han bizi duten krisi politikoa amaitzearren, eta apirilaren 13an eta 14an izango dira hauteskundeak. Erabakiaren atarian, estatuburua Senatuko eta Diputatuen Ganberako presidenteekin bildu zen atzo; Quirinal Jauregian hartu zituen Senatuko presidente Franco Marini eta Diputatuen Ganberako buru Fausto Bertinoti.

Harekin lehenengo bildu zen Franco Marini Senatuko presidentea, hain zuzen ere, behin-behineko gobernu baten eraketan porrot egiteak du bozak aurreratzera behartu Italiako estatuburua. Mariniri betebehar hori finkatu zion joan den urtarrilaren 30ean, 2006ko maiatzaren 17az geroztik gobernuburu kargutan zegoen Romano Prodik bigarren aldiz dimisioa eman ondoren. Prodiren gobernuari eusten zion zentro-ezkerreko koaliziotik alde egin zuen UDEUR alderdi kristaudemokratak. 2005ean -eskuineko buruzagi Silvio Berlusconi gobernuburu zelarik- ontzat hartu zuten hauteskunde legearen erreforma onartzen ez zuelako hartu zuten kristaudemokratek erabakia. Senatuan konfiantza mozioa galtzeak zuen Prodi kargua uztera behartu.

Prodiren lekukoa hartu zuen Marinik hauteskunde legea aldatzea zuen helburu, baina eskuineko indarren buruzagi Silvio Berlusconik ez dio aukera hori eskuratzen utzi nahi izan. Askatasunen Etxea koalizioko buruak bozak orain egitea nahi du, inkestek 10 eta 16 punturen arteko aldearekin irabaziko lukeela iragartzen baitio eskuinari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.