Italiak terrorismo delituengatik 1970eko eta 1980ko hamarkadetan epaitutako zazpi lagun atxilotu ditu Poliziak Parisen gaur goizean, Eliseoak jakinarazi duenez, Italiako agintariekin batera koordinatutako operazio batean. Zazpi atxilotuak Brigada Gorriak taldeko kide ohiak direla zabaldu da hasieran, baina tartean ezkerreko beste bi taldetako kide bana ere badaudela jakin da gero: Giorgio Pietrostefani Lotta Continua taldearen fundatzaile eta kide ohia eta Narciso Manenti NAR Nukleo Armatu Iraultzaileko militante izandakoa. Horiekin batera atzeman dituzte Enzo Calvitti, Giovanni Alimonti, Roberta Cappelli, Marina Petrella eta Sergio Tornaghi Brigada Gorrietako kide ohiak. Beste hiru lagunen bila ere ari da Polizia, Eliseoak jakinarazi duenez.
Italiak ezkerreko 200 aktibista ohien estradizioa eskatua du, baina, Frantziako presidentetzaren arabera, «delitu larrienak dituztenak» atxiki dituzte, «bi aldeko prestaketa lan garrantzitsuari esker». Hamar kide atxilotzen ahalegindu da Polizia, eta guztiak Mitterrand doktrinak ezarritako esparruaren barruan sartzen direla azaldu du Eliseoak, «odolezko delituak dituztelako».
François Mitterrand Frantziako presidente ohiak 1985ean hartutako konpromisoari deitzen zaio Mitterrand doktrina. Frantziara ihes egindako ezkerreko aktibistak Italiari ez itzularazteko konpromisoa hartu zuen presidente ohiak, baldintza jakin batzuk betetzen baziren. Honela zioen Mitterranden adierazpenak: «1976tik 300 italiar errefuxiatu ditugu gurekin, zeinak ordutik hona damutu egin diren eta Poliziak ez duen inolako kexarik haien inguruan. Beste 30 italiar ere baditugu, arriskutsuak direnak eta klandestinitatean daudenak. Egin beharreko lehenengo gauza horiek aurkitzea da. Epaile italiarrek krimen horiek egin dituztela erakusten duten sumarioak bidaltzen badituzte eta Frantziako justizia horiekin lerratzen bada, estradizio aginduak onartuko ditugu».
Berunezko urteak esaten zaion garaiaren ondoren, Frantzian hartu zuten aterpe Italiako ezkerreko aktibista ugarik. Egoera politikoa ezegonkorra zen urte haietan Italian, eta, testuinguru hartan, ugaritu egin ziren eskuineko eta ezkerreko talde armatuen erasoak. Italiako justiziak zabalik ditu Frantzian erbesteratutako aktibista askoren aurkako auziak, eta urteetan eskatu izan dio Frantziari haiek itzularazteko. Orain arte, uko egin izan dio ia beti Parisek. Duela bi hamarkada, gai horren inguruko elkarrizketak hasi zituen Frantziako Gobernuak Italiakoarekin, eta, ordutik, estradizio eskariak modu indibidualean aztertzen dituzte auzitegiek. «Presidenteak auzi hau konpondu nahi zuen, Italiak azken urteetan eskatu izan duen moduan», azaldu du Eliseoak, gaurko atxiloketen inguruan.
Errefuxiatu italiarren auzian gobernuak posizioa aldatu izana «etorkizunerako gauza txarra» dela ohartarazi du, aldiz, Jean Luc Melenchon Frantziako Asanbleako diputatuak eta Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak. «Ezker eta eskuin muturreko atentatu zikloa gelditzeko, akusatuen asiloa onartu zuen Frantziak, bakearen truke. Ordutik, ezkerreko eta eskuineko gobernu guziek ukatu dituzte kanporatzeak. Macronekin, Frantziak hitza jan du», salatu du.
Espero zen moduan, atxiloketak txalotu ditu Italiako Gobernuak. «Operazio ikusgarria izan da; agintari frantziarren eta italiarren kolaborazioa izan du, eta Parisko gure enbaxadako segurtasun adituak bertan parte hartu du», esan du Luigi di Maio Atzerri ministroak, sare sozialen bidez. «Poza» agertu du Mario Draghi lehen ministroak, «Italiak eskatutako auzibide judizialei ekiteko Frantziak hartutako erabakiarengatik».
Atxilotu dituzten zazpi lagunek, datozen orduetan, Parisko Dei Auzitegiko fiskaltzaren aurrean aurkeztu beharko dute euren burua, eta epaileak erabaki beharko du Italiako auzitegien estradizio agindua onartzen duen ala ez.
Bizitza publikoa, 40 urtez
Atzemandako zazpi lagunetatik bosten abokatua da Irene Terrel, eta gogor salatu du polizia operazioa. «Frantziaren traizio izugarria» dela esan dio AFP berri agentziari. «Suminduta nago, eta ez daukat hitzik operazio hau deskribatzeko; sarekada moduko bat izan da», adierazi du. Gainera, salatu du atxilotutakoen egoera ez zuela baldintzatzen Mitterrandek bere garaian hartutako erabakiak, baizik eta Frantziako Gobernuak asiloa emana ziela: «1980ko hamarkadatik, pertsona hauek Frantziaren babespean izan dira, beren bizitza eraiki dute, bizitza publikoa egiten dute, seme-alabak eta ilobak dituzte... eta gertakarietatik 40 urtera etorri dira, goizaldean, haien bila?». Terrelek aurreratu du helegitea jarriko diela estradizio eskariei. «Krudela da, eta ez da onargarria zuzenbidean», erantsi du.
Atxilotuetako beste baten abokatu Jean-Louis Chalansetek ere irmoki salatu du operazioa, eta «ulertezina» dela esan du: «Estatuak hitzeman zuen ez zela estradiziorik egongo, italiarrek etengabe eskatu arren. Orduan, zergatik norabide aldaketa hau?».
Atxilotutakoen artean dago Marina Petrella ere, Italiak bizi guztiko zigorra ezarri ziona baina Frantziak asilo politikoa emana diona. Auzitegiek Petrella estraditatzeko Italiaren eskaera onartu zuten 2008an, baina Nicolas Sarkozy presidente ohia erabakiaren aurka agertu zen, Petrellaren osasun zaurgarria zela eta.