Italiako Gobernuak lege dekretu bat onartuko du 36 probintzia ezabatzeko

Legeak ez die eragingo estatutu berezia duten bost autonomiei, eta orain arteko egiturei eutsi ahal izango diete

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Italiako mapa politiko-administratiboa aldatzeko pausoak ematen ari da Mario Montiren gobernua. Ministroen Kontseiluak azaroan du onartzekoa herrialdeko 36 probintzia kentzeko lege dekretua. Lege horren bidez, Italiak 50 probintzia izango ditu; orain, 86 ditu. Neurriaren helburua «estatua arrazionalizatzea» da. Hainbat probintziatako erakundeak, ordea, ez daude ados erabakiarekin, eta aurre egingo diote gobernuari, azken orduko salbuespen bat lortzeko esperantzan. Probintzia horien jarrerari erantzunez, argi hitz egin du Patroni Griffi Administrazio Publikoko ministroak: «Erreforma garrantzitsu bat ezin da ezeztatu erresistentzia lokalistengatik». Silvio Berlusconiren ahaleginak huts egin bazuen ere, badirudi oraingoan Italiako mapa aldatzea lortuko dutela.

Lege dekretuak jasotzen dituen irizpideei jarraiki, desagertu egingo dira 350.000 biztanle baino gutxiago dituzten probintziak edo 2.500 metro koadro baino gutxiagoko eremua dutenak. Probintzia txikienak handiagoekin elkartuko dituzte. Bat egite horiek, ordea, arazo administratiboak eta politikoak sortuko dituzte, eta bi probintziek negoziatu egin beharko dute bakoitzaren eskumenak zeintzuk diren. Bat egite batzuetan, esaterako, probintzia handienek eutsiko diete hiriburuei, baina trukean Poliziako, zirkulazioko edo beste erakunderen bateko eskumenak utzi beharko dizkiote txikienari.

Lege dekretuak ez die eragingo estatutu berezia duten bost autonomiei, hau da, Siziliak, Hego Tirolek, Sardiniak, Aostako haranak eta Frila Venezia Giuliak orain arteko egiturei eutsi ahal izango diete. Probintzia batzuek, ez desagertzeko,arrazoi historikoak eta kulturalak azaldu dituzte. Beste batzuek, arrazoi geografikoak. Hala ere, horiek guztiek gobernuaren neurriak bete beharko dituzte.

Probintzien egitura aldatuta, eskualdeen eta herrien egiturak berraztertzeari ekingo dio gobernuak. Egungo hogei eskualdeak gehiegi direla uste du, baita 8.000 herriak ere —erdiek 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte—. Hala ere, Montiren gobernuak ez du denborarik izango alor horietan aldaketak egiteko, agintaldia udaberrian amaituko baitzaio.

Lombardian, teknokratak

Roberto Formigoni Italiako Lombardia eskualdeko presidenteak, Berlusconiren alderdikoa bera, eskualde horretako gobernu berria aurkeztu du. Orain arte baino kide gutxiago ditu, eta horietako gehienek soslai teknokrata dute. Formigonik bozetara deitu behar izan zuen igaro den astean. Izan ere, haren hainbat aholkulari atxilotu egin dituzte mafiarekin lotura dutelakoan.Formigonik adierazi du berak ez duela zerikusirik aholkulariek egindakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.