Italiako Gobernuak «sakrifizioz» betetako programa izango du

Mario Monti lehen ministrogaiak politikariz eta teknokrataz osatutako gobernua eratu nahi du, eta 2013ra arte iraungo duGaur bukatuko du ministroak adosteko bilera erronda, PDL eta PD alderdiekin

Jon Fernandez.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aste hau «oso zaila eta erabakigarria» da Italiarentzat. Giorgio Napolitano presidenteak halaxe nabarmendu du. Mario Monti EB Europako Batasuneko komisario ohiak eta Italiako gobernu berria osatzeko ardura duenak bilerak hasi zituen atzo parlamentuko alderdi politikoen ordezkariekin, eta gaur bukatuko ditu. Gobernu berriko ministroen zerrenda aurkeztuko du bilera erronda bukatutakoan, eta Italiako Parlamentuko bi ganberek onarpena eman beharko diote. Gianfranco Fini Diputatuen Ganberako presidentearen arabera, Italiak «ostirala baino lehen» izango du gobernu berria.

«Politikari esker, egoera zail hau aukera bat bihur daiteke», adierazi du Montik alderdi politiko txikiekin bildu ostean. «Italiak protagonista rola izan dezake munduan». Francesco Nucara PRI Italiako Alderdi Errepublikanoko idazkari nagusiak, bestalde, gobernu berria nolakoa izango den zehaztu du bileratik ateratzean: «Programa garrantzitsua du, sakrifizio askorekin». Alderdi txikienekin egin zituen bilerak atzo Montik, eta bi handienekin bukatuko ditu gaur arratsaldean, PD Italiako Alderdi Demokratarekin eta PDL Askatasunaren Herria alderdiarekin. Dagoeneko Diputatuen Ganberako gehiengoaren babesa bermatua du, baina PDLk baldintza ugari jarri dizkio. Silvio Berlusconiren alderdiak ez du nahi Monti ekonomista 2013ra arte lehen ministro izaterik, eta hura babestearen truk bozak aurreratzea eskatu du; gainera, gobernu teknikoaren ahalmena ere mugatu nahi du PDLk, eta legebiltzarrean soilik EBrekin hitzartutako erreformak babestuko dituela hitzeman dio Montiri.

Politikariak ala teknokratak?

Hortaz, PDL barruan jarrera kontrajarriak daude: 206 diputatutik 100 Monti babestearen alde daude; 106, aldiz, kontra. Lega Nordek, bestalde, Montiren kontra bozkatuko duela aurreratu du, eta ez da harekin bildu ere egingo; gainera, abenduaren 4an Iparraldeko Parlamentua delakoa martxan jarriko du, Erromarekiko urruntasuna nabarmentzeko. 1992az geroztik itxita egon da Padaniako legebiltzarra, Lega Nordek oposizioan egoteari utzi zionetik. Nolanahi ere, azken uneko jarrera aldaketarik ezean, gutxienez 417 diputatuk babestuko dute gobernu berria, Diputatuen Ganberaren gehiengoa lortzeko behar diren 316 botoak erraz gaindituz.

Gobernu teknikoa «izen handiko pertsonak» osatuko dute, «zuzentasunean eta zorroztasunean» oinarrituko da, eta «epemugatzat 2013a» izango du, Montirekin bildu diren alderdi txikiek iragarri dutenez. Halere, ez dago argi ministro guztiak «teknokratak» izango ote diren, ala gobernua politikariek ere osatuko ote duten. «Montik politikariak ere nahi ditu gobernuan, baina alderdi politikoek ez dute nahi sakrifizio askoko programa gogor batean sartu», azaldu du Nucarak. PDLk eta PDk, esaterako, argi laga dute ez dutela politikaririk nahi gobernuan, teknokratak baizik.

EBko Barne Merkaturako eta Konkurrentziarako komisario ohia izateaz gain, Milango Luigi Bocconi merkataritza unibertsitateko presidentea da Monti, eta ekonomia onbideratzea du lehentasun nagusia: zorra gutxitzea, hazkundea sustatzea eta «gizartearen berdintasuna» mantentzea. «Italiak irabazi egin behar du erreskatearen erronka; EBko elementu indartsua izan behar du, eta ez ahula. EBren sortzaileak izan ginen, eta haren protagonista izan behar dugu. Gure seme-alabengatik egin behar dugu. Duintasunezko eta itxaropenezko etorkizuna eman behar diegu». Horiek izan dira gobernua osatzeko ardura onartu ostean egindako lehen adierazpenak.

Bien bitartean, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak baieztatu du kargua laga arren politika ez duela utziko. Diputatu eserlekuan jarraituko duela, alegia. Gainera, azken hiru urte eta erdian gobernuan egindako lana «harrotasunez» aldarrikatu du Berlusconik, eta La Destra —Eskuina— alderdiko idazkari nagusi Francesco Storeri bidalitako mezuan berriro boterera itzultzeko asmoa iragarri du: «Bat nator zuen espirituarekin, eta espero dut zuekin batera gobernurako bidea egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.