Kostata, PD alderdi barrukoen nahiz gobernu koalizioa osatzen duten beste indarren zalantzak gainditu behar izan baititu, Matteo Renzik lortu du Italiako Hauteskunde Lege berria aurrera ateratzea Diputatuen Ganberan. Alderdi bikotasuna sustatu eta koalizio edo indar txikien gaitasuna mugatzeaz gain, bi ganberen arteko oreka desegin egingo du lege berriak, Senatuaren kaltean.
Aldeko 365 boto, kontrako 156 eta 40 abstentziorekin onartu du Italiako Diputatuen Ganberak Renzik eta Silvio Berlusconik hitzartutako legea. Enrico Letta artean lehen ministro zela, eta Renzi PD Alderdi Demokratikoko idazkari izendatu berria, hautsak harrotu zituen Italian Berlusconi politikoki biziberritu zuen itunak. Epaitegietan inhabilitatua eta Senatutik kanporatua, Berlusconik Forza Italia alderdiaren buru oraindik eragiteko gaitasuna bazuela erakutsi zuen, hein batean Renziri esker.
Hauteskunde Lege berriarekin, Italian gobernagarritasuna erraztu nahi dute. Gehiengoari dagokion %15eko gainsaria lortzeko, gutxienez botoen %37 lortu beharko dira, eta irabazleak Diputatuen Ganbera kontrolatu ahal izango du horrela. Alderdi edo koalizioren batek botoen %37 lortu ezean, gehien bozkaturiko bien artean bigarren itzulia egingo da etorkizunean, Senatuak ere Hauteskunde Legea onartzen badu.
Alderdi eta koalizio txikiei, gainera, parlamentuan sartzeko gutxienekoa handitu egingo diete: botoen %4,5 lortu beharko dituzte beste indar batzuekin koalizioan doazen alderdiek, eta botoen %8 bakarrik aurkezten direnek. Halaber, Senatuaren eragina gutxitzea aurreikusten du lege berriak. Oraindik ez dute zehaztu lurralde ganbera bihurtuko duten edo zuzenean desegin egingo duten.
Gauza segurua da Italicum deitu duten hauteskunde lege berria Senatutik pasatzen denean aldaketa batzuk egingo dizkiotela. Diputatuen Ganberan baztertu egin dute legebiltzarkideen parekidetasuna arautzea; nahiz eta PD horren alde egon, Renzik Berlusconirekin hitzartu zuen akordioa errespetatzeko. Eta, alor horretan, Senatuan ere ez da aldaketarik espero.