Italiako jarduneko lehen ministro eta zentro-eskuineko koalizioko buru Silvio Berlusconik uko egin dio Romano Prodiren eta zentro-ezkerreko indarren garaipena onartzeari. Atzerrian bizi diren italiarren boto egiteetan «irregulartasunak» gertatu direla esan du, eta bozen zenbaketa estu-estu geratzea aitzakiatzat harturik, Barne Ministerioak plazaratutako emaitzen aurka helegitea jarriko duela iragarri du Berlusconik.
«Nehork ez dezake esan oraingoz Romano Prodik gailendu denik», adierazi zuen atzo arratsaldean Berlusconik, Gobernuaren egoitzan eman zuen prentsaurrekoan. Prodik garaipena aldarrikatzea «arduragabekeria» bezala jo zuen.Atzerrian bizi diren italiarren boto egiteetan «irregulartasun ugari» izan dira, Berlusconiren ustez. Prodiren zentro-ezkerreko koalizioaren garaipena iragartzearekin batera, Barne Ministerioak adierazi du 83.000 boto zalantzazkoak direla, eta hauetatik 43.000 Legebiltzarrerako hauteskundeei zuzendutakoak zirela. Ministerioak zabaldutako emaitzen arabera, Prodiren koalizioak Legebiltzarrean aurrea hartu dio Berlusconik zuzendutakoari 25.000 botoren aldearekin soilik. «Gogorarazi nahi nuke 2001. urtean Barne Ministerioak hasiera batean emandako datuen eta Kasazio Auzitegiak baliozkotzat emandako behin betiko emaitzen arteko aldea 36.000 botokoa izan zela; honek nabarian ezartzen du gure helegitearen zuzentasuna», nabarmendu zuen Berlusconik.
Koalizio handia
Berlusconiren prentsaurrekoan parte hartzen zuen Gianfranco Fini gobernuburuordeak, nolanahi ere, eskuineko indarrek porrota jasan dutenik ezin dela esan nabarmendu du. «Ez dut uste hauteskunde hauek zentro-eskuinarentzat galera politikoa izan direla esan daitekeenik; zenbaketen kontutik ere orainokoan frogatzekoa da», esan du Aliantza Nazionaleko buruak.
Berlusconik eta bere aldekoek Suitzan gertatutakoa nabarmendu dute atzerriko italiarren boto egiteetan beraien ustez gertatutako «irregulartasunak» salatzeko. Hauen arabera, Suitzan bizi diren 188.505 hautesleek eman dute botoa eta Italian bertan, aldiz, 155.000 boto bakarrik dira zenbatu. «Zifra horiek nabarian ezartzen dute irregulartasunak izan direla», adierazi du Berlusconiren koalizioko kide den UDC alderdiko Gino Trematerrak.Eskuineko indarren helegitea aztertuko duten egitura judizialek Prodiri ematen badiote garaipena, ontzat hartuko duela ziurtatu du Berlusconik, eta kasu horretan zentro-ezkerrekoekin koalizio handi bat egiteko aukera aipatu du. «Uste dut beste herrialde batzuk, Alemania bereziki, eredutzat hartzen ahal genituzkeela indarrak batzeko; izan ere, batasunari eutsi behar genioke».
ITALIAKO HAUTESKUNDEAK. «Irregulartasunak» salatu ditu eskuinak eta ez du Prodiren garaipena onartu
Atzerriko italiarren botoak arbuiatu ditu; emaitzak baieztatuz gero, koalizio handia sortzea nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu