16 urteko ikasle bat hil eta beste hamar lagun zauritu egin dira gaur goizean Italiako Brindisi hiriko ikastetxe batean izan den leherketa baten ondorioz. 07:45ak aldera izan da leherketa, Morvillo-Falcone ikastetxean, Fabiano Amati segurtasun taldeko kideak baieztatu duenez.
Eraikineko horma baten alboan jarri dute lehergailua, eta ondorioz, eraikinak kalte material ugari izan ditu. Bi gas bonbonaz osatutako lehergailua izan da.
Hildakoa Melissa Bassi ikaslea da. Hainbat berri agentziak eta egunkarik Veronica Capodieci gaztea ere hil egin dela zabaldu dute, baina Terrino ospitaleko iturriek gezurtatu egin dute informazio hori. "Bizirik dago, baina zauri oso larriak ditu", esan du Paola Cianname ospitaleko zuzendariak.
Ikerlariek ez dute hipotesirik baztertu. Mafiaren erasoa izan daitekeela ere zabaldu da.