Mario Monti Europako komisario ohi eta ekonomilaria da Italiako lehen ministro berria, onartu egin baitu Giorgio Napolitano errepublikako presidenteak egin dion proposamena. Silvio Berlusconik larunbatean eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, Kongresuak eurogunearen neurriak onartu ondoren.
Napolitanok Montiri eman zion gobernua eratzeko ardura, eta honek atzo akordioa lortu zuen Italiako alderdi politiko nagusiekin. Gaur eman du ministroen zerrenda.
Karterarekin
- Ekonomia eta Finantzak: Mario Monti bera.
- Atzerri gaiak: Giulio Terzi di Sant'Agata.
- Herrizaingoa: Anna Maria Cancellieri.
- Justizia: Paola Severino.
- Defentsa: Giampaolo di Paola.
- Garapen ekonomikoa, Azpiegiturak eta Garraioa: Corrado Passera.
- Nekazaritza: Mario Catania.
- Ingurumena: Corrado Clini.
- Lana, Gizarte gaiak, Ongizatea eta Berdintasuna: Elsa Fornero.
- Osasuna: Renato Balduzzi.
- Hezkuntza eta Ikerketa: Francesco Profumo.
- Ondasuna eta Kultura: Lorenzo Ornaghi.
Karterarik gabe
- Europako gaiak: Enzo Moavero Milanesi.
- Turismoa eta Kirola: Piero Gnudi.
- Lurralde kohesioa: Fabrizio Barca.
- Legebiltzarrarekin harremanak: Piero Giarda.
- Nazioarteko kooperazioa eta Integrazioa: Andrea Riccardi.
Arratsaldeko bostetan zin egin dute, eta aurki hasiko dute Ministro Kontseiluaren lehen bilera. Baliteke bihar egitea legebiltzarrean inbestidura saioa.
Zorra murrizteko helburua
1,9 bilioi euroren zorra du Italiak, BPG barne produktu gordinaren %120 adinakoa. Ondorioz, inbertsiogileen konfiantza gal ez dezan eta dirua modu onean utz diezaioten, zor hori murrizteko konpromiso argia duela erakutsi beharko die, Diputatuen Ganberak onartutako erreformak martxan jarrita. Eta hori ere Montiren lana izanen da, desatseginagoa, herritarrei eragiten dieten erabaki zailak hartu beharko dituelako.