UDEUR alderdiko bi eledunek kontrako botoa eman zuten iragarritakoa betez. Horrez gain, Gobernuko L' Union ezker koalizioko beste bi eledunek ere babesa ukatu zioten Prodiri. Hain zuzen ere, Lamberto Dinik zuzentzen duen alderdiak are gehiago zartatu du koalizioa. Napolitanok ez du oraindik Prodiren dimisioa onartu, baina gobernu berri bat osatzeko bidean bilera erronda hasiko du gaur.
2006ko apirilaren 10ean alde txikiarekin irabazi zituen hauteskundeak L' Union koalizioak. Ezkerreko eta zentroko 14 alderdik osatzen zuten. Legealdiak iraun duen 20 hilabeteetan oztopoz jositako bide malkartsua izan du, 33 konfiantza mozio besteren artean. Dena den, ohikoa da Italiako agintaldiak laburrak izatea. 1946tik 59 gobernu ezberdin izan dira eta bakoitzak, batez beste, urte bete iraun du.
BILKURA ISTILUTSUA. Gobernuaren ziurgabetasunak Italiako politika giroa berotu du azken hilabeteotan, eta Senatuko bilkuraren garrantziak are gehiago nahastu du. Egunotan UDEUR alderdiko senatari baten kontrako botoa aldatzen saiatu da Prodi hedabide batzuen arabera, eta saiakerak hala-nolako saria izan du. Horren lekuko, Nuccio Cusumano senatariak bilkuraren hasieran, ezustean, Prodiri babesa emango ziola azaldu izana.
Iragarpenak hautsak harrotu zituen Italiako Senatuan. Ez zuen Prodiren porrota galarazi hala ere. Batetik, UDEUR alderdiko beste senatari bat, Tommaso Barbato, Cusumanoren eserlekura hurbildu zen eta hitz gogorrak esanez oldartu zitzaion bere alderdikideari. Jo, lurrera bota eta listu egin zion Barbatok. Beroaldian, Askatasunen Etxea zentro-eskuineko eserlekuetatik Cusumanoren aurkako irainak oihukatu zituzten. Hark konortea galdu zuen eta andakan atera behar izan zuten. Bilkura hastean gertatu zen istilua, eta hamar minutuz eten egin zuten.
Bozketara garaiz heldu zen nolanahi ere Cusumano, eta UDEURek alderditik bota egin zuen gero. Prodik bestalde, Chigi Jauregian, Gobernuaren egoitzan, jaso zuen emaitza. Bilkura aurretik Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearekin bildu zen krisialdiaz mintzatzeko. UDEUR alderdiak eta Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren zentro-eskuineko koalizioak Gobernua uzteko eta bozak deitzeko eskatu zioten Prodiri, baina lehen ministroak estualdian ez amore ematen ikasi du, eta azkeneko hatsa Senatuan eman du.
«Luxua da, Italiak ezin du onartu asteotan ekimen politikoa gelditzerik», azaldu zuen Prodik Senatuan. Hauteskunde berriak deitu edo koalizio berri bat eratu arte ekimen legegilea gelditzeko aukera deitoratu zuen. Ezkerreko koalizioa eraberritzea zen bere asmoa.
Politika adituen arabera, hauteskunde erreformaren abaguneak amilarazi du ekimen legegilearen hamaikagarren krisia, eta erabakigarria itxura guztien arabera. Silvio Berlusconiren lan taldeak adostu zuen hauteskunde sistema indargabetu nahi zuen Prodiren alderdiak. Izan ere, ozta-ozta bozen %1a edo %2a lortzen duten taldeen eraginpean daude alderdi handienak, ezkerraren eta eskuinaren artean izaten den alde murritzagatik. Bozak aurreratzeak ordea, epe motzean sistema aldaketa izatea galaraziko du. Litekeena da Napolitanok trantsizio gobernu baten alde egitea erreforma gauzatzeko.
Askatasunen Etxea koalizioak alabaina, begi onez ikusiko luke hautestontzietarako deia. Hala, eskuineko koalizioak ezkerrekoaren erorketa balia dezake, inkestek 10 puntuko aldea ematen baitiote.
PRODIren aGInTaLDIa
Gobernua, gehiengo txikiak baldintzatuta
2006Apirila. Romano Prodiren L' Union zentro ezkerreko koalizioak hauteskundeak irabazi zituen alde txikiarekin.
Iraila. Senatuan eserleku baten aldeaz eutsi zion gehiengoari Romano Prodik.
2007
Otsaila. Italiak Afganistanen tropak izatea salatuta ezkerreko alderdi batek gobernua utzi eta konfiantza mozioa galdu zuen Senatuan Prodik. Napolitano presidenteak segitzera bultzatu zuen.
Maiatza. L' Union koalizioak lurralde eta udal hauteskundeak galdu zituen .
2008
Urtarrila. UDEUR alderdiak koalizioa utzi eta konfiantza mozioa galdu zuen Senatuan Prodik.