Lorenzo Cesa (Arcinazzo Romano, Italia, 1951) UDC Zentroko Batasuna alderdiko idazkari nagusiak argi du Italia ez hondoratzeko ezinbestekoa dela gobernua aldatzea. Silvio Berlusconi eroriz gero herrialdeko alderdi nagusiekin adostutako «erantzukizun nazionaleko gobernua» osatzea proposatu du.
Italiako Gobernua benetan erortzear dagoela uste duzu?
Badirudi erortzeko arriskuan dagoela, baina arazoa ez da ea noiz jausiko den Berlusconi. Italian gobernurik gabe hilabeteak daramatzagu: hori da benetako arazoa. Lemazainik gabeko itsasontzi bat da gaur egun Italia.
Berlusconiren aroa azkenetan dago, beraz.
Modurik txarrenean ari da amaitzen Berlusconiren aroa. Promesa eta hitz politekin hasi zen, eta lehen urteetan guk ere sinetsi genion. Gaur, hogei urte geroago, oraindik ere promesen aldian dago berlusconismoa. Legealdi hau haren porrotaren erakusgarria da: ehun diputaturen aldea zuen haren gehiengoak hasieran, hilabete batzuk geroago, aldiz, ozta-ozta iristen da gehiengora: legebiltzarkide bat gora, bat behera. Italiarrei huts egin dielako gertatu da hori: erreforma batik ere ez, azpiegiturarik ez, familiei eta gazteei babesik ez...
Bi aukera daude orain. Lehena, Berlusconik boterean jarraitzea.
Hala balitz, ez genuke etorkizun onik izango. Frogatuta geratu da haren gobernua ez dela batere egokia. Nazioarteko krisiari aurre egiteko, zerbait ezberdina egin behar da. Horri ez ikusiarena egitea herrialdea arrisku larrian jartzea da.
Bigarren aukera, berriz, Berlusconiren gobernua jaustea da.
Ez da kontu pertsonal bat, baina Italiak pauso aldaketa bat behar du. Eta, horretarako, ezinbestekoa da gidaria aldatzea.
Urtarrilean izango dira bozak?
Aukera bat da. Inkestek gorakada handia ematen diote UDCri eta Hirugarren Poloari, eta, beraz, ez dugu horren beldurrik. Baina uste dugu Italiarentzat hobe litzatekeela erantzukizun nazionaleko gobernua osatzea 2013ra arte.
Beharrezkoa da, hortaz, behin-behineko gobernua osatzea?
Aukerarik onena da. Europak eskatzen dizkigun neurri arriskutsu baina beharrezkoak hartzeko indarrik onenak bildu behar dira. Baina gobernu politikoa izan behar du, teknikoa baino gehiago. Europan eta munduan galdutako sinesgarritasuna berreskuratu beharra dugu.
PDLko kide batzuk UDCra pasatu dira egunotan. Zer deritzozu?
Gobernuaren gehiengorik jada ez dela existitzen irudikatzen dute. Diputatu serioak dira, eta gure proiektu eta analisiarekin bat egiten dutelako etorri dira gugana.
Gobernuaren gehiengorik gabe, zer gertatuko da gaur Parlamentuan?
Aurrekontuena bozketa teknikoa da, eta onartzearen alde egingo dugu. Baina datozen egunetako konfiantza mozioan gobernuak konturatu beharko du ez duela gehiengorik.
Badirudi nekez lortuko duela Berlusconik Parlamentuaren konfiantza.
Ez dut iragarpenik egin nahi. Bere kabuz konturatu behar luke ez dela zenbaki kontua, sinesgarritasun kontua baizik. Begira zer egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainian. Ez zela berriz aurkeztuko esan, eta merkatuek ondo erantzun diote. Pauso bat atzera egin behar luke Berlusconik ere.
Italia. Berlusconiren gobernua kolokan. Lorenzo Cesa. UDCko idazkari nagusia
«Italian gobernurik gabe hilabeteak daramatzagu: hori da benetako arazoa»
Gaurko bozketan 2010eko aurrekontuak onartzearen alde egingo du UDC Zentroko Batasuna alderdiak Italiako Parlamentuan. Konfiantza mozioan, aldiz, kontra bozkatuko du, Italiako gidaritza aldarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu