Danteren Jainkotiar Komedia-ren pareko, infernuaren eta purgatorioaren artean dabil Italiari hauteskunde orokorren ostean egokituko zaion beste mundua, hautagairen batek zerua ere hitzematen duen arren. Silvio Berlusconiren garaia betirako igaroa zela uste zutenak oker zeuden: azken asteotan zientoka elkarrizketa ikusi dizkiote telebistan.
Berez, Pier Liugi Bersani zentro-ezkerreko hautagaia zen haren aurkari nagusia, baina hauteskunde kanpainak aurrera egin ahala, bigarren plano batean gelditu da, Mario Montik aski arreta bereganatu baitu Berlusconirekin izandako sesioetan. Guztien aurkako diskurtsoa darabilen Beppe Grillo komediantea, berriz, gutxietsi egin dute gainontzekoek, baina azken inkesten arabera, aintzat hartzeko hautagaia da.
Montik urtebete eskas egin du lehen ministro tekniko gisa. Giorgio Napolitano Italiako presidenteak 2011ko azaroan izendatu zuen herrialdea behin-behinean gidatzeko. Presazko erabakia izan zen: Berlusconik dimititu berri zuen, Italia krisi ekonomiko betean zegoela. 1,9 bilioi euroko zor publikoa, hainbat ustelkeria kasu eta Europari hitzemandako krisiaren aurkako neurriak bete gabe utzi zituen. Neurriak hartu behar ziren, eta ez zegoen astirik bozak deitzeko. Gobernu teknokrata baten hegipean eta Bruselaren mezulari gisa iritsi zen Monti boterera, hauteskunderik irabazi gabe eta zeregin garbi batekin: merkatuak lasaitzeko erreformak onartu eta Italiako ekonomia amildegitik ateratzea.
Indar politiko nagusien babesa jaso zuen hasieran, baina sostengu hori zartatuta gelditu zen iazko abenduan, Berlusconik iragarri zuenean lehen ministro izateko lehiatuko zela berriz. Haren PDL Askatasunaren Herria alderdiak babesa kendu zion Montiri, eta teknokratak dimisioa eman zuen. Hurrengo bozetan zentroko alderdien koalizio bat babestuko zuela iragarri zuen. Senatuan bizi osorako kargua du, eta horregatik ezin du lehen ministro izan; gobernuburu izateko mekanismoak baditu, ordea.
Koalizioen labirintoa
Parlamentuan sartzeko, gutxieneko boto kopuru bat lortu behar dute alderdiek: %4 Kongresurako, eta %8 Senaturako. Mekanismo horren bidez, hauteskunde sistemak koalizioak osatzera bultzatzen ditu alderdiak, gehiegizko atomizazioa saiheste aldera. Tradizio luzeko alderdi handietarako ohitura gutxi dago Italian: aurtengoan, 30 talde politikotik gora aurkeztuko dira. Horietatik hogei inguru, ordea, hiru koalizio nagusitan banatuta daude.
Zentro-eskuineko taldean, Berlusconiren PDL eta Lega Nord federalista dira alderdi nagusiak. Urtarrilean ituna egin zutenean, baldintza bat jarri zuen Lega Nordek: Berlusconi ez zedila lehen ministrogai izan. Il Cavaliere-k garrantzia kendu nahi izan zion: lehen ministroaren kargua baino, nahiago zukeela Ekonomia ministroarena. Oraingoz, Senaturako zerrendaburua eta koalizioko aurpegi ezagunena da.
75 urterekin, gobernu onenetan aurkezteko moduko curriculuma osatu du Berlusconik: ustelkeria kasuak, hedabide inperioak eta sexu aferekin lotutako hainbat eskandalu dakartza motxilan, baita adingabeak prostituziora bultzatzea eta botere gehiegikeria egozten dioten akusazioak ere. Ahobero eta populista agertu da hauteskunde kanpainan, oposizioaren arabera surrealistak diren promesak eginez. Besteak beste, Montik lehenengo etxebizitzei jarritako higiezinen gaineko zerga bertan behera uztea hitzeman du, eta tasa horrengatik 2012an ordaindutako guztia herritarrei itzultzea. Lau milioi lanposturen sorrera eta atzerrian bankuko kontuak dituztenentzako amnistia fiskala ere badaude bere amuen artean.
Berlusconi boterera itzul daitekeela pentsatzeak ikara eragiten dio bati baino gehiagori. Horregatik, inkestek Bene Comune zentro-ezkerreko koalizioari iragartzen dizkiote irabazteko aukera gehien, Bersani buru duela. Eskuinarekiko alternatiba historikoa izan da haren Alderdi Demokrata, baina orain beste bi lehiakide sortu zaizkio gutxienez: Montiren zentroko koalizioa, eta Grilloren M5S 5 Izar Mugimendua. Ofizioz komediantea da Grillo; umorea eta ohiko politikagintzaren aurkako diskurtsoa baliatu ditu herritarrak erakartzeko.
Herrialdea nork gobernatuko, aski desberdina izango da Italiaren gero hurbila. Erreformak erreforma, krisi beltzean jarraitzen baitu: zorra BPG barne produktu gordinaren %120 da oraindik; langabezia, inoizko altuena —%11,2—; eta uztailean BEZa %22era igoko dute. Kanpainan, politika fiskalaz eta sozialaz zuhur mintzatu dira zentrokoak eta zentro-ezkerrekoak.
Azken inkesta ofizialen arabera —legez, ezin da galdeketarik argitaratu kanpainako azken 15 egunetan—, Bersaniren koalizioak irabaziko ditu hauteskundeak, botoen %34 eta %38 artean lortuta. Berlusconirenak %28 eta %30 artean jasoko lituzke. Montik eta Grillok, berriz, %16, hau da, 50 diputatu inguru bakoitzak.