Italian ikasle bat hil dute, institutu bati erasota

Hamasei urteko neska bat hil da; lehergailu bidez egin dute erasoa, eta hedabideek diote mafia izan litekeela

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Eskola batean egindako eraso batek Italia astindu du. Hego-ekialdean, Brindisi hirian, lehergailu bat zartarazi zuten Francesca Morvillo Falcone neskentzako institutuan. Hamasei urteko neska bat hil zuten, eta adin bereko bertze bat larri dago. Guztira, zazpi pertsona zauritu dira. Atentatuaren egileen inguruan, Poliziak erran du ez duela baztertzen hipotesirik, baina Italiako hedabide gehienek adierazi dute mafia izan litekeela, bereziki Sacra Corona Unita delako erakundea. Apulia eskualdean jarduten du, Brindisi hiria dagoen eremuan.

Mafiari begira jartzeko atentatuaren helburuak, egun sinbolikoak eta azken asteetako gertaerak nabarmendu dituzte Italiako hedabideek. Erasotako institutuak Giovanni Falcone zenaren emaztearen izena du. Mafiaren aurkako prozesuak hasi zituen epailea izan zen Falcone, eta 1992ko maiatzaren 23an hil zuten, Palermon (Sizilia) lehergailu bidez egindako atentatu batean, Francesca Morvillo emaztearekin eta hiru bizkartzainekin batera. Gainera, mafiaren aurkako karabana, apirilaren 11n Erromatik abiatu zena, atzo zen ailegatzekoa Brindisira —urriaren 11n bukatzekoa da, Sizilian—. Hedabideek nabarmendutako bertze zantzu bat, berriz, Mesagne hirian hilaren 9an egindako polizia operazioa izan da. Hamasei lagun atxilotu zituzten, Sacra Corona Unitarekin zerikusia zutelakoan. Atentatua jaso duten ikasleak, hain zuzen, Mesagnekoak dira.

Hiru gas bonbona

Dena den, Poliziak erran du ez duela aukera bakar bat baztertzen, ezta egilea «bere onean ez dagoen norbait» denik ere. Italiako hedabideek ikerketako iturriak aipatuta esan dutenez, lehergailua hiru gas bonbonarekin egina zegoen, institutuko pareta batean jarrita. Uste dute urrutitik aktibatu zutela, ikasleak autobusetik jaisten ari zirela. Ikaslea anbulantzian hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.