Italiako kostara 800 etorkin inguru ailegatu ziren atzo. Horietako erdiak Sizilian lur hartu zuten, eta bertze erdiak Lampedusa uhartean, Tunisiako kostatik gertu. Denera, azken bi egunetan ia 2.000 etorkin lehorreratu dira Italian, gehienak Lampedusa uharte txikian. Hango etorkinentzako zentroak 850 lagun har ditzake, baina 2.000 ditu gaur egun. Bertze 3.500 etorkin uhartean zehar kanpalekuetan barreiatu dituzte Italiako agintariek. Lampedusan iheslari horiek artatzeko baliabideak eskasak dira, eta horrek elikagai eta osasun egoera larria sortu du. Atzo 2.000 lagunek ez zuten otordurik izan. Etorkinek horren aurka zenbait protesta egin dituzte azken egunetan. Uharteko biztanleak, berriz, ontzien lehorreratzea oztopatzen saiatu dira.
Lampedusara ailegatutako ia ontzi denak Tunisiatik ateratakoak izan dira. Azken egunetan, ordea, lehen aldiz Libiatik irtendakoak ailegatu dira. Afrikatik ailegatutako errefuxiatu gehienak Somaliakoak eta Eritreakoak dira. Urtea hasi denetik 18.500 etorkin inguru lehorreratu dira Mediterraneoko uharte txiki horretan. Libiako indarkeria egoera ondoko herrialdeetan baino gogorragoa denez, Italiako agintariak beldur dira gainerako herrialdeetatik baino iheslari gehiago ez ote diren iritsiko.
Italiako Gobernuaren jokaera
Italiako Gobernuak immigranteak kontinenteko zentroetara eraman nahi ditu, eta, horretarako, gaur sei ontzi ailegatuko dira Lampedusara. Erromaren nahia, ordea, etorkinek Afrika ez uztea da. Horretarako, 150 milioi euroko kreditua eskaini dio Tunisiako Gobernuari, eta immigrante bakoitzari haren herrira itzultzeko 1.500 euro ematea ere proposatu du. Azkenean, Roberto Maroni Barne ministroak errefuxiatu horiek indarrez aberriratzeko mehatxua egin du. Ministroen Kontseilua gaur elkartuko da gai horren inguruan eztabaidatzeko.
Protestak herrialde arabiarretan
Italiara bi egunean ia 2.000 etorkin iritsi dira Afrikako iparraldetik
Milatik goiti Lampedusa uhartera iritsi dira; guztira 5.500 etorkin daude han, larrialdi egoeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu