Italiako Armadako itsasontzi bat zen itsaso zakarrean harrapatuta zegoen 12 metro luzerako barkutik hurbildu. Salbamendu lanetan jardun zuen, halaber, NATO Aliantza Atlantikoako helikoptero batek eta honek zuen, hain zuzen, itsasoan galduta zebilen barkua aurkitu. Alerta, haatik, ostiral arratseko 20:00ak inguruan (21:00ak Euskal Herrian) emana izan zen, Vlorako kostazainek eta Top Albania Radio irratikoek barkuan zegoen etorkin batengandik laguntza egiteko dei bat jaso zutelarik. Galbidean zegoen barku pneumatikoa ez zuten, haatik, aurkitu ostiral gauean bertan, ilunagatik eta itsasoa oso zakarra zelakotz. Atzo goizaldean, ordea, ontsixka aurkitu zuten Vlorako portutik 25 miliara zegoelarik, urek eramanka. Italiako itsasertzainako ontzi batek lortu zuen barkuan oraindik bizirik zeudenak jasotzerat eta Itsas Armadako beste ontzi batek, berriz, hildakoak barnean zeuzkan barkua Vlorako portuaren bisan-bidean den Sazango uhartetxora zigortuta eraman zuen.Ivano Baschieri, Italiako Itsas Armadako koronelak zehaztu zuenez, barkuan bizirik gabe atzeman dituztenak, 17 gizonezko eta 3 emakume dira eta hauetatik bi haurrak ziren. Bizirik aurkitu dituztenak, berriz, 11 gizonezko dira, baina hauetatik bi oso larri zeudela zehaztu zuen Italiako militarburuak. Bizirik zeudenetatik bi barkuaren gidatzaileak zirela zehaztu zuten italiarrek zein albaniarrek eta biak atxilotuak izan zirela, Italian itsaso bidez legez kanpo sartze honen antolatzaileetatik zirelakoan. Hauetatik bata, Artur Rrokaj izenez identifikatua izan zen eta, zabaldutako informazioen arabera, terrorismoaren aurka borrokatzeko ardura duen Albaniako Shkodra hiriko polizia buruzagi baten semea da.
«Egun latza Albaniarentzat»
Ostiral arratsean, itsasoa ordurako nahiko zakarra zelarik, Vlorako portutik Italiako Puglia eskualdeko kostalderako bidean abaitu zen barku pneumatikoa, Albanian atzo atxilotutako bi polizietatik batena zen. Agintari albaniarrek iragarri dute ikerketa bat irekiko dela, polizia hauek eta Vlorako portuko zuendariordea, legez kanpoko immigrazio trafikoan aurretik jardun duten ala ez argitzeko xedez. Trafiko honek diru asko eragiten du, zeren eta, Adriatikoa zeharkatzeko, etorkin albaniarrek 1.800 eta 200 euro bitartean ordaindu behar baitiete antolatzaileei.
Anartean, Alfred Moisu Albaniako presidenteak adierazi zuen atzo Otrantoko itsasadarreko gertakari larri hau «Albaniarentzako egun latz bat» zela. Moisuk aitortu zuen, halaber, tragedia honek agerian uzten duela Italiara buruzko legez kanpoko immigrazioak dirauela, nahiz eta agintari albaniarrek ahaleginak oro egin honen aurka borrokatzeko. Albaniako presidenteak agindu zuen gertaera latz honen erantzuleakjustiziaren aurrera eramanak izango direla eta gaztigu gogorrak jasoko dituztela.Italia eta Albania Adriatikoaren gune estuenean bereizten dituen Otrantoko itsasartean gertatu zen azkeneko drama, 2000ko maiatzaren 4an jazo zen. Egun hartan, immigartu albaniarrak zeramatzan ontzixka batek talka egin zuen Italiako kostazainen barku batekin eta honen ondorioz, 15 etorkinek bizia galdu zuten.
-
IMMIGRAZIOA
Agintariek ez dute lortu jarioa eteterik
Iazko agorrilean, Fatos Nano Albaniako lehen ministroaren gobernuak Polizia operazio zabal bat abian jarri zuen immigrazio trafikoan diharduten sareen aurka. Polizia ekitaldia eraginkorra izan zela ziurtatu zuen eta, ordutik, trafikoaren parte handiena gelditu zela gaineratu zuen.
Azkenaldian, etorkin olde handienak Afrika iparraldetik zetozen. Siziliaren itsas zabalean kokatua den Lampedusako uhartetik eta Maroko eta Gibraltar arteko itsasartetik.Etorkinentzako beste bide bat dira Kanariar Uharteak. Hala, Espainiako Guardia Zibilaren arabera, 572 etorkin harrapatuak izan dira aste honetan, hiru egunetan. Astelehen gauean, 203 immigrante eta hauek eraman zituzten 5 ontzien jabeak atxilotu zituzten Lanzarote eta Fuerteventurako kaleetan zebiltzalarik. Beste 92 immigratu afrikar arrastatuak izan ziren Tenerifera joan berriak zirelarik. Azkenik, ostiral gauean, 204 etorkin harrapatuak izan ziren Fuertaventura itsasaldean.