«Itotzen ari naiz», zazpi aldiz

Frantzian, atxiloketa baten harira hildakoaren senideek nahi dute poliziak aldi baterako botatzea

Parisen hilaren 13an Poliziaren bortizkeria salatzeko egindako manifestazioaren irudi bat. C. PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Cedric Chouviat 42 urteko banatzailea zenaren senideek ezohiko agerraldia egin zuten atzo, eta saioa baliatu zuten Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eskari bat helarazteko: Chouviat arnasarik gabe utzi zuten atxiloketan parte hartu zuten lau poliziak aldi baterako kanporatzea, eta «betiko» debekatzea itotzeko giltza eta tripako plakatzeak.

Mediapart-ek eta Le Monde-k herenegun publiko egindako informazioak berriz mintzagai jarri du Frantziako segurtasun indarren bortizkeria. Hedabide horien arabera, banatzaileak zazpi aldiz errepikatu zien itotzen ari zela hura atxilotzen ari ziren poliziei—banatzailea lurrean zegoen, eta gainean zituen bi polizia—; hain justu, segurtasun indarretako kideek itotzeko giltza eta tripako plakatzea egiteko teknika erabili zituzten haren aurka. Iragan urtarrilaren 3an gertatu zen, Parisen, eta bi hedabideek hildakoaren sakelako telefonoan grabaturikoa entzun ahal izan dute.

William Bourdon familiaren abokatuetako batek atzo adierazi zuen Frantzia ez dela Ameriketako Estatu Batuak (AEB), baina Frantzia AEBetara «hurbiltzen» ari dela; izan ere, Chouviaten atxiloketak George Floyd estatubatuarrarekin gertaturikoa ekarri du gogora —iragan maiatzaren 25ean hil zuten, atxiloketa batean—. Arie Alimi beste abokatuak, berriz, honako hau gogorarazi zuen: «Itotzeko giltzak eta tripako plakatzeak hil dute Cedric Chouviat. Egun, mundu guztiak daki teknika horiek hil egiten dutela».

Hedabideek informazioa publiko egin eta gutxira, bi poliziaren abokatu Laurent-Franck Lienardek adierazi zuen bere bezeroek ez zutela «laguntza eskaririk entzun» banatzailearen gainean zeudenean.

Oraindik ez dago argi zergatik geldiarazi zuten Chouviat. Lienarderen arabera, banatzaileak sakelakoa eskuan zuen, eta matrikula zikina zuen eskuterra gidatzen ari zela. Hura gelditzean, tentsioak gora egin zuen; bi aldeak bata besteari irainka hasi ziren, eta, une batetik bestera, poliziek, atxilotzeko eskuburdinak atera, eta lurrera bota zuten —tartean soinu bat entzuten da, eta ez dago argi atxiloketaren aurretik kontaktu fisikorik egon ote zen—.

Banatzailea arnasa hartu ezinik geratu zen orduan, eta poliziak hura suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, eta bi egun geroago hil zen, Frantziako hiriburuko ospitale batean.

Hilaren 8an, Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak jakinarazi zuen «itotzeko metodoa» debekatu egingo dutela, baina oraingoz erabaki hori ez da indarrean sartu, besteak beste polizien sindikatuen presioen ondorioz.

Iaz, Frantziako polizien aurkako erreklamazioak %29 igo ziren —1.957 gehiago—, Eskubideen Defendatzailea aginte administratibo independentearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.