ITSASIKARA ASIAN. Nazioarteak laguntza eskaini die kaltetuei

30 milioi euroko diru laguntza emango duela iragarri du EBko Giza Laguntzarako komisarioak

arantxa elizegi egilegor
2004ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunak kaltetuei 30 milioi euro emango dizkiela iragarri zuen atzo Louis Michel Giza Laguntzarako komisarioak. Kopuru hori beharren arabera alda zitekeela ere ohartarazi zuen. Horretaz gain, kaltetutako lurraldeetara joateko asmoa iragarri zuen komisarioak. Herenegun Sumatrako kostaldetik gertu (Indonesia) izandako itsasikarak 23.700 hildakotik gora eragin zituen Asian eta Afrikan.

Erresuma Batuko Gobernuak, bere aldetik, 600.000 euroko laguntza emango die kaltetuei. Gainera, kanpin dendak eta kanpalekuak eraikitzeko materiala bidali zituen atzo Londresek Sri Lankara, lurralderik kaltetuenetariko batera. Nazioarteko Gurutze Gorriak eta Ilargi Gorriak, bestalde, 6,5 milioi dolar eskatu zituzten atzo, Sri Lanka, India, Indonesia, Malaysia, Thailandian eta kaltetutako beste herrialdeetan dituen elkarteetarako. Gurutze Gorriak Genevan duen bulegoko arduradunaren esanetan, osasun baliabideak eta edateko ura dira orain beharrezkoenak: «Malaria eta beherakoa bezalako gaitzak zabaldu egingo dira, ur garbirik lortu ezean».

Doluminak

George Bush AEBetako presidenteak doluminak adierazi zizkien kaltetutako herrialdeei eta «beharrezko laguntza eskaintzeko prest» zeudela esan zuen. Kofi Annan NBEko idazkari nagusia ere «hondamendiak eragindako sarraskia» konpontzen laguntzeko prest agertu zen.

Errusiako Gobenuak IL-76 motako bi hegazkin bidali zituen atzo Kolonbora, Sri Lankako hiriburura. Hegazkinetan helikoptero bat bidali zuten. Azken hori kaltetutako eskualdeak ikertzeko erabiliko dute sorosleek. World Vision nazioarteko giza laguntzarako erakundeak Sri Lankan duen delegazioko burua da Andrew Sundersing. «Agintariekin eta gobernuz kanpoko beste erakundeekin ari gara lanean. Edateko ura eta janaria lortzea da orain garrantzitsuena», azaldu zuen. Bestalde, Oxfamek 1.000 litro edateko ur bidali ditu Trincomalee eskualdera, Sri Lankara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.