Herenegun gauean, Saudi Arabia eta Egipto artean, Itsaso Gorria zeharkatzen zuen Al Salam Boccaccio 98 itsasontzia hondoratzeak balantze itzela eragingo duela pentsatzen zuten Kairoko agintariek atzo iluntzean. Ezen 1.318 bidaiari eta tripulante zeramatzalarik ontziak, 200 lagun inguru salbatu zituzten hondamendia gertatzetik hogei bat ordura. Salbamendu-txalupetan, bizirik ateratako 263 lagun atzeman zituzten, Garraio Ministerioaren arabera. Uretatik, aldiz, 185 gorpu bildu zituzten.
Egiptoko Al Salam Maritime Transport konpainiarena zenontzi hori Saudi Arabiako Duba portutik abiatu zen ostegun arratseko zazpietan eta Itsaso Gorria zeharkaturik Egiptoko Safaga portura iristekoa zen atzo goizeko hirurak inguruan. Alabaina, atzo iluntzean argitzeke ziren arrazoi batzuengatik Egiptoko Hurgada portutik 70 kilometro itsas zabalean hondoratu zen ontzia, ostegun gaueko hamarrak eta gauerdi artean. Egiptoko portuetako administrazioak ontziarekiko irrati lotura galdu zuen ostegun gaueko hamarrak inguruan.Itsas arazoetako arduradun batek atzo iluntzean emandako datuen arabera, 200 lagun inguru salbatu zituzten sorospen taldeek. Salbamendu-txalupetan guztira 263 lagun atzeman zituzten. Hortaz, hondoratzeak ehunka hildako eragin zituen beldurra zeukaten Egiptoko agintariek. Beste inor bizirik aurkitzeko itxaropenak oso gutxi ziren iluntzean, Itsaso Gorriko urak 19 gradura baitaude urtaro honetan eta tenperatura horiekin hipotermia egoera ordu eskasez jasaten baitu urera eroritako batek.Egiptoko Garraioetako ministro Mohamed Lufti Mansorrek emandako datuen arabera, Al-Salam Boccaccio 98 ontziak 1.200 egiptoar, 99 saudiar, hiru siriar, bi sudandar eta kanadar bat zeramatzan. Eskifaiakoak,aldiz, 96 ziren. Bidaiari horietatik gehienak Saudi Arabian aldi baterako lan egitetik zetozen beharginak ziren. Mekarako Hatx erromesaldian parte hartu zuten lagunak ere baziren. Hondoratzearen nondik norakoak argitzeko ziren atzo iluntzean. Ontziarekiko irrati loturak ostegun arratseko hamarretatik berehala eten baziren ere, Egiptoko itsas arazoetako zerbitzuek ziurtatu zuten atzo laguntza emateko deirik ez zutela jaso. Egiptoko Mena albiste agentziak zabaldutako informazio baten arabera, baina, Itsaso Gorritik zebilen Santa Katarina bidaiari ontziko eskifaiak Al Salam Boccaccio 98ko kapitainarengandik larritasun dei bat jaso zuen. Heltura dei horretan bere ontzia hondoratzen ari zela jakinarazten zuen kapitainak.
Eguraldi txarra
Laguntza eskaera hori gertatu zelarik, itsasoa aski zakarra zen, haize bolada oso indartsuak, euri zaparradak eta olatu aski handiak zeudelakotz. Haatik, baldintza horiek ez ziren larriegiak traza oneko ontzi batentzako. Kontu honi dagokionez, hain zuzen, Al Salam Maritime Transport konpainiako arduradun Andrea Odonek ziurtatu zuen hondoratutako bidaiari ontziak nazioarteko segurtasun arau guztiak betetzen zituela. Odonek zehaztu zuen bidaiarien kopurua ontziak hartzen ahal zuena baino gutxiagokoa zela. Bidaiariez gain, baina, 220 ibilgailu auto, kamioi eta autobus zeramatzan Al-Salam Boccaccio 98 ontziak.
Egiptoko Garraio ministroak zehaztu zuen Armadako lau ontzi berehala joan zirela salbamendu ahaleginetarako hondoratzea gertatu zen lekura, eta besterik joatekoa zela gero. Egiptoko Aire Armadako helikoptero andanak ere parte hartzen zuen soroste lan horietan, salbamendu barkuetan egon zitezkeen lagunak hautemateko eta ur gainean ageri liratekeen gorpuez erreparatzeko. Saudia Arabiako Armadako itsasontzien laguntza ere eskatu zuen Egiptok. Azkenik, egunotan Itsaso Gorrian dauden Erresuma Batuko HMS Bulwark ontzi militarra ere parte hartzekoa zen salbamendu lanetan.Hondoratze honen balantzeaitsasoan gertatutako istripuetatik handienetatikizan litekeelarik, gertatutakoaren zergatiak argituko direla hitzeman zuen Egiptoko presidente Hosni Mubarakek. «Mubarak presidenteak nahi du ikerketa bat premiaz egin dadin, hondoratze honen arrazoiak argitu daitezen», adierazi zuen Soleiman Auad presidentetzako eledunak. Mubaraken bozeramaileak susmoak agertu zituen, halaber, Al Salam Boccaccio 98 ontziaren trazaren kontura. «Ontzia hain azkar hondoratzeak eta, antza denez, salbamendu-txalupa nahikoa ez izaiteak nabarmen agertzen dute arazoak bazeudela», iritzizion Auadek.
Urrian, Al Salam Maritime Transport konpainiako beste ontzi bat hondoratu zen Suezko itsasartean. Bi lagun hil eta 40 zauritu ziren, izualdi batek eraginda. 1991ko abenduan, aldiz, 464 bidaiari hil ziren, Al-Salam Boccaccio 98 bezala, Duba eta Safagako portuen arteko itsasbidea egiten ari zen Salem Express ontzia hondoratzean, eskifaiaren huts egite baten ondorioz.
Itsasontzi bat hondoratu da Egipton, ehunka bidaiarirekin
Ontzian 1.318 lagun zihoazen; salbamendu taldeek 263 lagun aurkitu dituzte onik eta 185 gorpu jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu