Herrien eskubideak

Iturri ofizialen arabera, milioi bat eta ehun mila lagunek parte hartu dute Bartzelonako manifestazioan

Bartzelona erdialde guztia hartu dute Kataluniaren naziotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestariek. Hain justu, jendearen emanagatik manifestazioaren buruak ezin izan du ia aurrera egin, eta 20:00etan bertan behera utzi behar izan dute ekitaldia antolatzaileek. "Independentzia" oihuka hartu dituzte herritarrek Jose Montilla Kataluniako egungo presidentea eta Jordi Pujol eta Pascual Maragall presidente ohiak manifestaziora sartu direnean. Euskal Herriko ordezkaritza zabala ari da ekialdian parte hartzen.

2010eko uztailaren 10a
20:55
Entzun
Kataluniaren naziotasun aldarrikapenak guztiz hartu dugaur arratsaldean Bartzelona erdialdea: Bartzelonako udaltzaingoak emandako datuen arabera, milioi bat eta ehun mila lagun izan dira Som una Nacio. Nosaltres decidim lelopeko manifestazioarekin bat egin dutenak. 18:00etan zen hastekoa, eta ordurako prest zegoen manifestazio burua, baina jendearen emanagatik, ia ezin izan du aurrera egin. 19.00etan 50 bat metro zituen eginak, eta 20:00etan ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Jendeari kosta egin zaio, ordea, sakabanatzen hastea.

Senyera handi bat jarri dute segizioa zabaltzen, eta harekin Kataluniako Gobernuak frankismoaren ondoren izan dituen hiru presidenteak -Jose Montilla, Pascual Maragall eta Jordu Pujol- eta Legebiltzarreko hiru presidenteak -Ernest Benach, Heribert Barrera eta Joan Rigol-. Arazoa izan da bandera eta pankarten atzean lekurik ez zegoenez, manifestazio buruaren aurrean bildu direla milaka herritar, eta, ondorioz, manifestazioak ezin izan duela aurrera egin.

Aipatutako agintariak manifestaziora sartu direnean independentzia oihuka hartu ditu jendetzak. Kataluniako Gobernuko zein Legebiltzarreko presidente eta presidente ohien atzetik, manifestazioa antolatu duten alderdietako ordezkari nagusiak izan dira, hala nola, CiU, PSC, ERC, eta ICV-EUiAkoak. Haiengandik hurbil egon dira Euskal Herritik ordezkaritza bildali duten alderdietako ordezkariak, besteak beste, EAJko presidente Iñigo Urkullu, ezker abertzaleko ordezkari Tasio Erkizia, Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaleta, EAko Rafa Larreina, Alternatibako Xabier Soto eta Hamaikabateko Eneko Oregi.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren kontra emandako epaia salatzea izan da manifestazioaren helburua. Hain zuzen ere, Konstituzionalak atzo epaia argitaratu izanak eta han jasotzen diren xehetasunek -besteak beste, Kataluniaren naziotasuna ukatzea eta katalan hizkuntza lehenesteko aukera gaitzestea- are eta gehiago berotu dute giroa, eta jende asko bultzatu dute gaurko manifestazioan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.