Sentimendu kontrajarriak dituzte egunotan palestinarrek. Itxaropena, nekea, ilusioa, etsipena. Denak aldi berean. Mohamed Shkotani Ramalako gazteak, esaterako, 20 urte ditu, eta betidanik ezagutzen ditu kontrol postu militarrak kaleetan. «Herrialde aske batean bizi nahi dut, eta NBEko eskaria lehen pausoa da. Desilusionatuta egongo gara hasieran, baina beste herrialdeetan gertatu den bezala, azkenean lortuko dugu estatu bat izatea».
Mahmud Abbas PANeko buruak Etxe Zuriari entzungor egin eta NBEn eskubide osoko estatu kide izateko eskaria egitea begi onez ikusten dute Gazan eta Zisjordanian; hala ere, ekimenak ez diela onurarik ekarriko uste dute askok. «Itxaropenik eza da nagusi kaleetan. Jendea nekatuta dago okupazioarekin. Ez dute uste honek bakea ekarriko duenik, baina ahalegina egin nahi dute, lehenago egin duten guztiak porrot egin duelako», dio Jamal Juma ekintzaile palestinarrak. Bere ustez, datozen egunetako Zisjordaniako manifestazioetara lagun gutxi joango dira.
PAN jabetzen da egoeraz, eta ez du frustrazioa areagotu nahi palestinarren artean. «Ez dugu itxaropen faltsurik zabaldu nahi. Irailaren 20tik 30era ez da egoera aldatuko», zioen Mohamed Shtaje PAEko buruak joan den astean.
Balizko ondorioak
Gainera, Abbasen ekimenak ez du palestinar guztien babesa, Gaza gobernatzen duen Hamas alderdia kontra agertu baita. «Ezer ere ez da aterako NBEtik, AEBek betoa erabiliko dutelako. Israelen alde dago Washington, eta hori aldatzen ez den bitartean ez dugu estaturik izango», dio Said Hamad Ramalako 32 urteko gazteak.
Alabaina, NBEko kide izateak ekarriko lituzkeen onuren zerrenda aipatu du Saeb Erekat PAEko negoziazio buruak: «1967ko mugak berreskuratzea, estatuko hiriburua Jerusalem dela; autodeterminazio eskubidea izatea; NBEko organo guztietara sarbidea izatea; preso palestinarrak gerrako presoak bilakatzea; eta Israelekiko negoziazioan soilik kolonien desegiteaz aritzeko ahalmena izatea».
Gazan, esaterako, %40tik %25era jaitsi da langabezia tasa, 2007an ezarritako blokeoa lasaitzen hasi zelako iaz Israel. Hala ere, Zisjordanian bezala, euforiarik ez da kaleetan. Itxaropenaren eta etsipenaren artean bizi dira palestinarrak egunotan.
Itxaropenaren eta etsipenaren artean
Abbasen ekimenak, ilusioaz gain, errezeloak ere sortu ditu palestinarrengan. Mobilizazioetara deitu arren, esperantza faltsurik ez egiteko eskatu du PANek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu