Begiak Aaiunen azkar mugitzen dira. Mesfidantzaz arakatzen dute hiri honetako bidegurutze, izkina eta aurpegi bakoitza, une oro ezusteko txarren susmoa ninietan. Ndur Hussein 30 urteko giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra ohituta dago. Txikitatik badaki ematen duen pauso bakoitza zelatatua dela. «Hemen zure bizilagunak edo ogia saltzen dizun pertsonak Poliziari informazioa ematen dio», azaldu du, «eta edozein momentutan atxilo eraman zaitzakete».
Atxiloketak Marokok legez kanpo okupatutako lurralde honetantortura eta tratu txarren sinonimo dira. Ndurrek maiz bere amesgaiztoetako torturatzaileekin topo egiten du Mendebaldeko Sahararen hiriburuko kaleetan: independentziaren aldeko manifestazio baketsuetan parte hartzeagatik urte bat baino gehiago pasatu du Aaiungo espetxe beltzean. Oroigarri gisa, metalezko protesi bat darama besaurrean, han jasotako kolpeen ondorioz.
«Eskola ikustera eramango zaituztet», dio Ndurrek. Bera bezala, saharar gazte gehienak lanik gabe daude. «Marokoar agintariek enplegu bat aurkitzeko trabak jartzen dizkizute sahararra bazara». Horregatik, bere «lana», berak izendatzen duen bezala, saharar herria aspaldian ahaztuta utzi zuen munduari bere erantzukizuna gogoraraztean eta giza eskubideen urraketak salatzean datza.
Eskolara ailegatzerakoan dozenaka polizia eta militar ikus daitezke sarreran, borrak eskuetan, kaskoak buruan, armak prest. Gau eta egun inguratzen dute lehen hezkuntzako zentro hori. Eskolaren ate ondoan Espainiak Marokori saldutako URO Vamtac auto armatuetako bat ikus daiteke.
«Polizia bikote bat ikasgela barruan egoten da, klaseetan haurrek saharar nazioari buruzko aipamenik egin ez dezaten. Edozer esaten badute, berehala eraso eta batzuetan atxilotu ere egiten dituzte haurrak. Hiritik urrun eramaten dituzte, eta botata uzten dituzte hainbat kilometrotara. Neskatilak ere bortxatu izan dituzte». Hmad Hammad ekintzaile saharar ezagunak kontatu du hori. Normalean, ekintzaile ezaguna izateak hamaika aldiz espetxean sartu eta torturatu egin dutela esan nahi du. Irribarre naturala izoztu egiten zaio espetxean pasatutako urteak aipatzean. Ez du horretaz hitz egin nahi.
Bi metroko altuerarekin, Hammadek dorre zuri handi bat ematen du kolore argiko darrah sahararra janzten duenean. «Gure haurrei txikitatik sahararrak direla esaten diegu. Gure hizkuntzan (hassania) mintzatzen gatzaizkie, ahaztu ez dezaten, eta gure herriaren historia kontatzen diegu, basamortutik gatozen herri bat garela», azaldueta Marokok saharar kultura «ezabatu»nahi duela nabarmendu du.
Mohammed Mejara erresistentzia mugimenduko beste kide bat da, komunikazio talde klandestino batean aritzen dena. Talde hori 20 urte eskas dituzten hainbat gaztez osatuta dago, eta bere herrialdean gertatzen diren giza eskubideen urraketak salatzeko lana hartu dute bere gain. Kamerak eta sakelako telefonoak dira haien armak. Interneten jartzen dituzte Poliziaren errepresio bortitzaren irudiak, munduari egia erakusteko, gauzak aldatzeko itxaropenarekin.
Mejarak, aparteko ingeles batean mintzatuz —bost hizkuntza menperatzen ditu—, azaldu du saharar familia ia guztietan senideren bat giza eskubideen aldeko ekintzailea dela. «Denok baditugu gertuko senide eta lagunak kartzelan». Familiak handiak diren arren, senide bakarra ibiltzen da normalean erresistentzian, «atxilotzeko eta torturak jasateko arriskua oso handia baita; ekintzaile askok espetxean amaitzen dute».
Khadda el-Baxir 24 urteko gaztearen kasua da. 2010eko urritik azarora bitartean Agdaim Izik-eko askatasunaren kanpamentuan parte hartzeagatik atxilotu zuten.
Agdaim Izik sahararren borroka baketsuaren ikur bilakatu zen. Egoeraz nazkatuta, beren haima tipikoz osatutako kanpamentu bat antolatu zuten Aaiunen. Familia osoak mugitu ziren hara, eta 10.000 pertsonatik gora elkartu ziren. Beste lekuetako sahararrek gauza bera egin zuten beren hiri eta herrietan.
Hilabete baten buruan, Marokoko Poliziak eta indar militarrek kanpamentua suntsitu zuten. Ehunka zauritu ziren eta dozenaka hil, Nayem el-Garhi 14 urteko nerabe sahararra horien artean. Errepide kontrolgune batean haren autoa tirokatu zuten polizia marokoarrek. Agdaim Izikeko biktimen kopuru zehatzak ez daude argi, Marokok ikerketak oztopatu baitzituen.
Khadda el-Baxirren anaia zaharra da Mamun Hadda. Berak azaltzen duenez, urte bat eta hiru hilabete daramatza bere anaiak espetxean, Rabaten, Marokoko hiriburuan, 870 kilometrora. «Familiarentzat oso garestia da haraino joatea». Gainera, ez da-kite hara iritsitakoan beren se-nidea ikusteko aukerarik izan- go duten. Ez diote epaiketarik egin, eta ez dakite noiz aterako den.
Mamunek kontatzen du behin bere amarekin batera bisita bat egiteko baimena lortu zutela, eta bere anaia txikia, ama ez atsekabetzeko, irribarretsu agertu zela elkartu zirenean. Zigor gelara itzuli zenean, poliziek jipoitu egin zuten. «Zure familiarekin irribarre egiteagatik», entzuten zuen kolpe zaparradapean.
Historiaren lekukoak
Mendebaldeko Sahararen historia milaka aldiz oihukatu izan dute, baina oso gutxik entzun. Brahim Numri giza eskubideen aldeko ekintzailea gorreria horren lekukoetako bat da,marokoarrek inbasioaren xehetasun guztiak buruan gordeak baititu.1976an, Espainiak egin behar zuen deskolonizazioa inoiz iristen ez eta, Hassan II.a Marokoko erregearen Martxa Berdea mobilizazioaren bidez 300.000 zibil marokoar Mendebaldeko Saharara iristen ikusi zituen Numrik, lurralde honetako mendebaldetik nola sartu ziren. Martxa hori «munduaren arreta erakartzeko» amarrua izan zela gogoan du. Brahimek 11 urte zituen orduan.Ostera, bost urtez desagertuta egon zen Marokoko hainbat kartzela sekretutan.
«Nazioarteko begiak itxuraz martxa baketsu honi begira zeudenez, oharkabean pasatu zituzten ekialdetik muga gurutzatu zuten marokoar tropek». Horiek saharar zibilen kontrako erasoak eta bonbardaketak egin zituzten, eta napalm eta debekatutako fosforo zuriko bonbak ere erabili zituzten Aljeriarantz ihesi joandako zibilen aurka. Hegoaldetik, berriz, Mauritaniako armada sartu zen.
Fronte Polisarioak, sahararren askapen mugimenduak, 1973tik Espainiaren aurka borrokan ziharduen, eta 1976tik aurrera Mauritania eta Marokori aurre egin zien, gerra luze batean. Armaz josita,Toyota 4 x 4 ibilgailu batzuk erabilita, ezusteko erasoak antolatzen zituzten etsaiaren atzeragoardian.
Hiru urte geroago, Mauritania erretiratu egin zen, saharar herriaren subiranotasuna eta eskubideak aitortuz, baina Marokok orduan mauritaniarrek utzitako lurra hartu zituen. Gerra gogortu egin zen 1991. urtea arte, NBE Nazio BatuenErakundeak bultzatutako su-etena ezarri zen arte. Minurso misioa martxan jarri zuten erreferenduma abiarazteko eta su-etena errespetatzen zela bermatzeko. «Sahararrek Nazio Batuen hitza sinetsi zuten hasieran», dio Brahimek, «baina munduak 37 urteko gezur batekin utzi gaitu», kexatu da. «Jendeak Nazio Batuen Erakundearekiko konfiantza galdu du».
Ordutik, herri honen erdia Marokok indarraren bitartez kontrolatutako lurraldean bizi da, bere giza eskubideak behin eta berriz nola urratzen dituzten ikusiz. Beste erdia —90.000 pertsona baino gehiago, NBEren arabera— Aljeriako bazter batean,Tindufko harea lehorretan errefuxiatu, erbestean, autodeterminazioaren erreferenduma noiz iritsiko zain.
NBEk inoiz ez du onartu Mendebaldeko Sahara Marokorena izatea, eta Fronte Polisarioari saharar herriko zilegizko ordezkari estatusa aitortzen dio, baina erreferendumaren eta, ondorioz, irtenbide baten itxaropenak hautsez betetzen jarraitzen du. Gaur egun, sahararrak gutxiengoa dira beren herrialdean. Herritarren %12 inguru besterik ez; gainontzekoak marokoar kolonoak dira, Rabateko erregimenaren kolonizazio politikaren eraginez, demografia bere alde izateko. Marokoar kolonoek zerga abantailak dituzte, eta etxebizitzak edukitzeko erraztasunak, Saharan instalatzen badira.
Elkartzeko, futbola
Bartzelonak eta Real Madrilek jokatzen duten bakoitzean, Smara etorbideko kafeetan eserlekuak betetzen hasten dira. Bi taldeen artean banatzen dira zaleak—Bartzelonak bereganatzen ditu gehienak—. Baina, horrez gainera, sahararrek elkarrekin egoteko daukaten une bakanetakoak izaten dira. «Sahararrok futbol partidak aprobetxatzen ditugu elkartzeko, normalean poliziak sei edo zazpi pertsona kalean ikusten baditu taldea indarrez desegiten duelako», azaldu du Ndurrek.
Madrilen golekin, hainbatarraio entzuten dira, txalo gutxi batzuen artean. Bartzelonaren golekin, euforia, eta hasperen kolektiboa, hassaniazko otoitzak ere bai. Partida amaitzean, kafetegiko langileak aulki guztiak jasotzen hasten direnean, presak hasten dira.
Kalea Poliziak hartu du beste behin, eta saharar gazteak kafetegi eta taberna atarietan biltzen hasi dira. Zurrumurruak eta tentsioa. Ahots batek «Sahara horra!» (Sahara askea) oihukatu du. Poliziek borrei heltzen diete. Gauak Aaiun estaltzen du.
Egunsentian, saharar hiriburuko kaleetako horma gorrietan, mila aldiz ezabatutako esaldiak ageri dira berriz ere, 37 urteko gudu etengabe honetan goizero agertu izan diren bezalaxe: «Itxaropenik ezak libre egingo gaitu».
Mendebaldeko Sahara
Itxaropenean iltzatuta
Ndur Hussein, Hmad Hammad, Mohamed Mejara, Khadda el-Baxir, Mamun Hadda eta Brahim Numri Aaiungo ekintzaileak dira, duten jazarpenaren bozgorailuak, NBEn isiltasunaren salatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu